Alfredo Hualderen mutilak beren helburu nagusitik urrun egotearen sentsazioarekin joan ziren Gabonetako geldialdira. Dena den, bazekiten inoiz baino indartsuago itzuliko zirela postu nagusietatik bereizten dituen distantzia murrizten saiatzeko.

Gabonen aurretik jokatu zuten azken partidari dagokionez, 32 punturekin sailkapeneko bigarren postuari eusten dion Otxartabe C.D. baten aurka lehiatu ziren. Azken hau, Ibarrako taldearen aurka lortutako garaipenarekin, lehen postuan dagoen taldetik puntu bakarrera jarri da. Hala ere, beharrezkoa da gogoraraztea, emaitza horiek gorabehera, talde moreak ez ziola jokoa batere erraza jarri eta nagusi izan zela ia partida osoan; zorterik izan gabe, ordea, atezainei egindako jaurtiketetan. Gainera, une hartan entrenatzaile ibartarrak adierazi zuen bezala “jokalariek bakoitzaren onena eman zuten”.

Horren ostean, oraingoan Lauburu baina postu bat aurrerago dagoen Juventud Del Círculo C.D. izango da aurkaria. Orain arteko jardunaldietan, 8 garaipen eta 7 porrot pilatu dituzte. Era berean, aipatu beharra dago Eguberriak baino lehenagoko azken partidan Burgosko taldeak Tafatrans Vulcanizados Ruiz FS garaitzea lortu zuela 3 eta 1-eko markagailuarekin eta, bere garaian, Tafatransek 4 eta 1 irabazi ziola Alfredo Hualderen taldeari. Beraz, argi eta garbi aurkari indartsua izango da larunbatekoa. Horrez gain, lehiatuko diren bi taldeak bereizten dituen distantzia oso txikia den arren, Lauburu jakitun da partida honetan ahalik eta gehien borrokatu eta kontzentratu beharko duela hainbeste behar dituen 3 puntuak lortu nahi baditu.

Jokalari ibartarrei dagokienez, nabarmendu bezala, inoiz baino indartsuago eta motibatuago itzuli dira. Izan ere, Gabonetako geldialdian Gipuzkoako Kopa jokatzeak euren maila eta gaitasunak ez ahazteko balio izan die. Laskorain taldearen aurka final-laurdenak irabazi ondoren, Pasaiako Afantxo taldearen aurka jokatu zuten oso bizia izan zen finalerdia eta merezitako 4 eta 3 batekin lortu zuten garaipena. Eta azkenik, final handirako sailkatuta, ilusio handia zuen Idiazabal baten aurka aritu ziren. Hala ere, Ibarrakoek maila ona eskaini zuten eta 10 eta 2 irabazi zieten, Gipuzkoako txapeldun izatea merezi zutela erakutsiz.

Modu horretara, jokalari guztiak larunbateko partidarako oso gogor entrenatzen ari dira (Andoni Agirrezabala izan ezik, oraindik ere zenbait molestia baititu). Lauburuk bere gain hartzen du larunbateko erantzukizuna eta erronka. Bigarren itzuli honetan, denboraldi hasieran programatutako helburuengatik borrokatuko dute berriro ere; jakitun izanik lehenengo bueltako emaitza-bolada txarraren ondoren, akats-marjina oso txikia eta zailtasuna oso handia dela. Hortaz, helbua argia da eta hura guztiz betetzea pentsatzen dute. 

GOAZEN LAUBURU!!!!