Alfredo Hualderen mutilek Laskoraingo taldea izan zuten aurkari aurreko larunbatean, inoiz baino parekatuagoa aurreikusten zen derbi batean. Talde moreak bazekien, sailkapeneko lehen 4 postuen artean kokatzeko helburuari forma ematen jarraitzeko, oso indartsu eta gogo handiz atera beharko zirela kantxara. Era berean, astean zehar egin zuten lana erakusteko, haientzat ezinbestekoa zen partidara lehen momentutik kontzentratuta sartzea. 

Hala, talde moreak hasieratik joko erritmo azkarra jarri zuen derbi bati eman zitzaion hasiera. Modu horretara, ibartarrek ez zuten denbora asko behar izan arriskua sortzen hasi eta Tolosakoen atera hainbat iritsiera egiteko. Hala ere, jokoan nagusitasuna izan arren, Lauburuk ez zuen jokaldiak bukatzea lortzen. Laskorainekoei dagokienez, hauek ere ez zuten Endikaren atean asmatzea eta, beraz, bien aldetik markagailua estreinatzeko hainbat aukera egon baziren ere, inork ez zuen golik igotzen. 

0 eta 0-koarekin bi taldeek defentsa gogorra mantendu zuten. Horrela, gutxi izan ziren lehen 20 minutuetan jokoak izan zituen aldaketak eta, orduan, atsedenaldira 0-0eko berdinketarekin joango zirela zirudienean, Danik baloia sare hondoan sartzea lortu zuen atsedenaldia iragartzen zuen txistua entzuteko 2:40 minuturen faltan. Gol horrekin amaiera eman zitzaion partidaren lehen zatiari. 

Aldageletako itzuleraren ondoren, Laskorain taldea indartsu hasi zen, eta, horri esker, bigarren zatiari hasiera eman eta minutu batera markagailura gol bat igotzea lortu zuten. Gol horrek Laubururen joko mailari eusteko motibazio nahikoa lortzeko balio izan zien; izan ere, aukera bat bestearen atzetik sortzen jarraitu zuten.

Bi taldeek lan bizia egiten jarraitu zuten markagailuan berdinketari eusteko. Dena den, emaitza horrekin, arriskatzea beharrezkoa zen eta Alfredo Hualdek bosteko jokoaren alde egin zuen. Erabaki horrek markagailuan aurrea hartzeko balio izan zion talde moreari, Zumetak area barruan sartutako gol bati esker. 

Handik gutxira, Laskorain taldeko entrenatzaileak ere atezain jokalariaren alde egitea erabaki zuen eta, 5eko jokoak Endikaren areara indartsuago iristeko balio izan zien arren, Antxonek markagailuan distantzia handitzea lortu zuen beste gol garrantzitsu bat sartuz; baloia kontrolatu eta Laskorain taldeko atzelaria atzean utzi ostean. Ez askoz beranduago, Javi Saldisek zelaiaren beste aldetik baloia jaurti eta, punterian asmatuz, 4 eta 1-ekoa jarri zuen. Horrekin guztiarekin, lehen minututik azkenekora arte oso bizi izan zen derbi bati amaiera eman zitzaion. 

Azkenik, Lauburuk garaipena merezi izan zuen arren, azpimarratzekoa da tolosarrak joko sentsazio onekin aurkeztu zirela Usabalen eta horrek jokoari ondo eusteko balio izan ziela, batez ere, lehen zatian. Gainera, partida osoan zehar defentsan intentsitatea izateagatik eta izaera lehiakorra mantentzen jakiteagatik ere zoriondu nahi dugu Narciso Pavok zuzentzen duen taldea. Horrekin batera, emaitza alde batera utzita, berriro ere, pista barruan zein Usabalgo harmailetan, areto futbolak eta laguntasunak irabazi zuela azpimarratu behar da. 

Beste garaipen garrantzitsu eta beharrezko bat lortuta, datorren astean Tauste F.S taldea jasoko du Lauburuk Belabietan. Beraz, puntuak igotzen jarraitzeko, lan handiko aste batek espero die jokalariei. 

GOAZEN LAUBURU!!!!

PARTIDAREN XEHETASUNAK

Laskorian K.E: Odei Gartziarena, Haritz Zabala, Iker Manso, Mikel Juaristi eta Xabier Arranz

Horiez gain: Josu Iturralde, Jon Ander Cuadrado, Paul Rueda, Iker Gabarain, Eñaut Vazquez, Asier Mujika eta Alex Ibañez

Lauburu K.E: Andoni Zumeta, Xabi Juaristi, Andoni Carlosena, Javi Saldise eta Endika Uribe

Horiez gain: Iñigo Iribarren, Andoni Agirrezabala, Aitzol Oyarbide, Oihan Carlosena, Dani Garcia, Jorge Sanchez eta Beñat Aldalur

GOLAK

0-1 MIN 17 DANI

ATSEDENA

1-1 MIN 22 HARITZ ZABALA

1-2 MIN 37 ZUMETA

1-3 MIN 39 ANTXON

1-4 MIN 39 JAVI SALDISE

Arbitroak

Árbitro Fútbol Sala: De La Hoz Escudero, Iker (C.T.A. Vasco) Árbitro Fútbol Sala: Ocaña Romero, David (C.T.A. Vasco) Árbitro Asistente F.S.: Ruiz Garatea, Aitor (C.T.A. Vasco)