Aitor Arevaloren mutilek Asturiasera bidaiatuko dute aste honetan arratsaldeko 17:30ean Racing de Mieres taldearen aurka jokatzeko. Urtarrilean jokatutako lehen partidan Portus Amanus taldea mendean hartu ondoren, joan den astean Yesos Castañoren aurka jokatu zuten partida oso erronka garrantzitsua izan zen taldearentzat.

Hala, partida ibartarren nagusitasunarekin hasi zen arren, zenbait akatsek eta atean asmatu ez izanak hiru puntuak etxean geratzea eragin zuten. Dena den, entrenatzaile ibartarrak partidaren amaieran azpimarratu nahi izan zuen bezala, norgehiagokak esperientzia eta ikasketa bezala balio izan zuen, baita etorkizunean hobetzeko ere.

Aipatutakoa kontuan hartuta, aste honetan Asturiasko beste talde bat izango dute aurkari. Kasu honetan, Mieresko Racingek oraindik ez du jardunaldirik irabaztea lortu eta, beraz, ez du punturik pilatu sailkapenean. Hala eta guztiz ere, talde moreak badaki inoiz ez dela emaitzekin fidatu behar, eta are gutxiago konfiantza hartu. Horrela, betiko intentsitatearekin aterako dira kantxara. 

Aitor Arevalok jakinarazi duenez: “Joan den larunbatean Corveran galdu ondoren autokritika egin du taldeak eta partida ona egiteko gogoz dago; hiru puntu berri lortzeko helburuarekin. Pibot joko zuzena duen eta bigarren akzioetan ondo kokatuta egotea bilatzen duen talde bertikala izango dugu aurrez aurre. Beraz, joan den asteko partidaren oso antzekoa izango da larunbatekoa eta, horregatik, lan handia egiten ari gara astean zehar”. 

Beraz, beste behin ere, gogor borrokatu beharko da, Ligako sailkapeneko lehen postuen alde egiten jarraitzeko gogoa erakutsiz. Egun, talde moreak hirugarren postuan jarraitzen du eta haientzat funtsezkoa da astero puntuak batzea lehen eta bigarren postuan dauden taldeengana are gehiago hurbiltzeko.

AUPA LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!

Beste alde batetik…

LAUBURU K.E IBARRA

Inoiz baino parekatuagoa izan zen derbian garaipena lortu ondoren, Alfredo Hualderen mutilek Zaragozako Tauste F.S taldea jasoko dute larunbat honetan Belabietan, arratsaldeko 18:30ean. Talde morea inoiz baino indartsuago dago eta saio bakoitzean gogor lan egiten ari dira euren helburura gerturatuko dien beharrezko puntuak batzen jarraitzeko asmoz. Hortaz, beste behin ere, gure zaleen babesa ezinbestekoa izango da; batez ere, aurtengo denboraldian dagoen nibel berdintasuna eta jardunaldi bakoitza irabazteko dagoen zailtasuna ikusita.

AUPA MUTILAK!!!!