Inoiz baino parekatuagoa aurreikusten zen derbi bat irabazita, Alfredo Hualderen mutilek behar zuten bultzada lortu dute eta, sailkapenean postuak igotzen hasita, Play-Off eta Errege Kopako postuengatik borrokatzeko asmoarekin daude.  

Hala, larunbateko garaipenarekin eta sailkapenean funtsezko 3 puntu gehituta, larunbat honetan Zaragozako Tauste F.S taldea jasoko dute ibartarrek Belabietan. Zaragozakoak, gaur egun, 10. postuan kokatzen dira 20 punturekin; 6 partida irabazi, 2 berdindu eta 10 galdu ondoren. Joan den larunbatekoari dagokionez, Tafatransen aurka 3-3 berdindu zuten. Euren sareetan argitaratu dutenez, emozio handiko partida bizitu zuten eta positiboa izan zen puntu bat gehitzea denboraldi honetan zein lehiakorrak izaten ari diren erakutsiz. Halaber, aste honetako partidari erreferentzia eginez, hurrengo hitzak adierazi dituzte: “pista zailenetariko batera bidaiatuko dugu, Ibarrara, Donostiatik gertu. Bertan, beste talde handi baten aurka aritu beharko dugu eta dena emango dugu lehiakorrak izaten jarraitzeko”. Horrela, zalantzarik gabe, aurkaria indar askorekin aurkeztuko da, 3 puntuak etxera eramateko helburu argiarekin.

Hori kontuan hartuta, talde moreak defentsako intentsitatea eta konstantzia lantzen jarraitzen du aste honetan; partidako 40 minutuetan beharrezko kontzentrazioa mantendu ahal izateko. Jokalariei dagokienez, denak jokatzeko moduan egongo dira, Dani izan ezik, azken unera arte zalantza izango baita. Gainera, Peña bere lehen deialdian sartuko da ikasketengatik Argentinan egon ondoren.

Azkenik, Alfredo Hualderen mutilak azken jardunaldietako emaitza onei eusteak duen garrantziaz oso jakitun direla azpimarratu behar da. Talde morea inoiz baino indartsuago dago eta oso lan ona egiten ari da entrenamenduetan. Horrek guztiak bere emaitza positiboak eman ditu partidaz partida. Hala ere, ez dago akatsik egiteko tarterik eta edozein hanka-sartzek zapuztu egingo luke denboraldi hasieran ezarritako helburuak lortzeko aukera. 

Klub moretik dei egiten diegu gure zale guztiei harmailetatik euren laguntza eta indar guztia emateko. Larunbatero bezala, asko eskertzen da zuen babesa. Era berean, gogoratu ohiko loteen zozketak ere egingo direla larunbatean; Mahala Baserritarrak eta Danon Txokoa Tabernaren eskutik. Azkenik, bazkideentzako afariaren zozketa ere Danon Txokoan ospatuko da. 

AUPA LAUBURU!!!!