Lauburu Ibarra Mahala taldeak 1-10 irabazi zion Racing de Mieresi Ligako hamalaugarren jardunaldian. Moreek partida serioa jokatu zuten Mieresen eta ez zioten aukerarik eman etxeko taldeari. Garaipen honen ondoren, ibartarrek hirugarren postuan jarraitzen dute 33 punturekin, (11 garaipen eta 3 porrota) eta liderrarengandik soilik 6 puntura kokatzen dira. 

Partida kontzentrazio handiarekin hasi zuen talde moreak eta 3 minututan 4 goleko aldea lortu zuten markagailuan. Golak Oier Goikoetxeak (X2), Alvaro Alonsok eta Jokin Agirretxek sartu zituzten. Bi taldeen artean zegoen nagusitasuna nabarmena zen eta Ibarrakoek etengabe sortu zituzten aukerak Asturiasekoen atean. Horrela, 1 eta 8-ko emaitzarekin bukatu zen lehen zatia. Gainerako golak Aimar Iturriozek, Iñigo Iriartek eta Asier Izagirrek sartu zituzten eta, horiez gain, laugarren bat bertakoek sartu zuten beren atean.  

Aldagelak igaro ondoren, partida ez zen aldat eta ibartarrek, txandakatze motz eta gogorrekin, intentsitatez defendatzen jarraitu zuten. Era berean, erasoan aukera argi gehiago sortu zituzten. Bigarren zati erdialdean, bi gol gehiago sartu zituzten moreek; Aimar Iturrioz eta Alvaro Alonsoren bitartez. Hortaz, markagailuak adierazten duen bezala, partida erosoa izan zen talde morearentzat.

Azkenik, entrenatzaile ibartarrak honakoa adierazi nahi izan zuen amaieran: “Taldea oso kontzentratuta atera da pistara eta 3 minutu oso onetan 4 gol sartzea lortu dugu, partida oso bideratuta utziz. Markagailuan errenta handia izan arren, taldea oso ondo lehiatu da 40 minutuetan eta hori eskertzekoa da; izan ere, normalena pixka bat lasaitzea da eta, guk, ez dugu hori egin. Lortutako garaipena garrantzitsua da eta konfiantza emango digu Esperanza Rangersen aurkako hurrengo konpromisoari aurre egiteko. Azken hau etxetik kanpo hobeto lehiatzen ari den talde bat da. Gainera, Ligako goleatzaile nagusia, zeinak bere taldearen golen %50a baino gehiago sartzeaz gain, oso dohain tekniko onak dituen, bertako jokalaria da. 

AUPA LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!