Lauburu Ibarra Mahala 5-1 nagusitu zen La Esperanza Rangers-en aurka Ligako hamabosgarren jardunaldian. Horrela, ibartarrak hirugarren postuan jarraitzen dute; Otxartabe taldeak duen bigarren postutik puntu bakarrera eta egungo liderra den Zierbenatik 6 puntura. 

Igandeko partidari dagokionez, Aitor Arevalok zuzendutako mutilek gogor aritu behar izan zuten oso irudi ona eskaini zuen aurkari baten aurka. Partida ondo hasi zen etxeko taldearentzat. Izan ere, 3. minutuan markagailua estreinatzea lortu zuen Alvaro Alonsok. 

Horren aurrean, Asturiaskoek, pistako hiru laurdenetan defendatuz, baloiak lapurtu eta kontraeraso azkarrak egiteko asmoarekin jokatuz hasi ziren. Hala, Asturiasen jokatutako lehen partidarekin alderatuta, hobekuntza handia erakutsi zuten. 

Ibartarrak, ezaugarri horiek kontuan hartu eta partidaren zailtasunaz jabetuta, oso kontzentratuta igaro zituzten lehen mintuak. Horri esker, lehen zatiaren 6.minutua iritsi eta 2 eta 0-ko markagailua jarri zuten. Bigarren gola Aimar Iturriozen eskutik etorri zen, kanpoko jaurtiketa baten ondoren. Hala, markagailuan aldea izan arren, bisitariak oso indartsu lan egiten jarraitu zuten eta aldea murrizteko zenbait aukera sortu zituzten. Marcos Alonsoren lan onak, ordea, saihestu egin zuen aukera horiek guztiak golean bukatzea. 

Partida oso ikusgarria izaten ari zen baina hainbat taldeei azken metroetan hobetzea falta zitzaien. Egoera hori aldatzeko asmoz eta lehen zatia amaitzeko 9 minutu falta zirenean, Oier Goikoetxeak maisutasunez eta zehaztasunez falta jaurtiketa bat egin eta zutik jarri zituen Belabietako zale guztiak; ibarrakoentzat hirugarrena izango zen gol batekin. Hala ere, asturiarrek ez zuten partida galdutzat eman nahi eta, 6 minuturen faltan, aldeak murriztu zituzten. Dena den, gutxi iraun zien pozak bisitariei eta, soilik minutu bat beranduago, Alvaro Alonsok 4 eta 1-ekoa igo zuen Jokin Goikoetxeari egindako penalti bat jaurti ondoren. 

Aldageletatik bueltan, bigarren zatiaren hasiera ez zen ona izan ibartarrarentzat: jokoa hasi eta 4 minutuetan 5 falta egin zituzten. Arrisku horrekin, minutuak aurrera zihoazen eta ibartarrak, pista erdiko zein hiru laurdeneko atzelarien txandakatzearekin, zain zeuden markagailuan aldeak handitzea ahalbidetuko zuen momentua iristeko. 

Aurrerago, amaierarako 6 minuturen faltan eta, beraz, partidako tarte erabakigarrian sartuta, 5×4-ko jokoaren aldeko apustua egin zuten bisitariek. Erabaki hori hartu eta minutu bakarrera, Aimar Iturriozek bere kantxan baloi bat berreskuratu eta 30 metrotik jaurtiketa bikaina egin zuen. Horren ostean, bisitariek amore eman ez bazuten ere, etxekoak sendo agertu ziren eta partida euren alde amaitu zen; 3 puntuak Belabietan utziz.

Partidaren amaieran Aitor Arevalo entrenatzaileak honela zioen: “Fase asko izan dituen partida izan da. Hasiera ona izan dugu eta horrek alde ona eman digu. Minutuak aurrera joan ahala, zehaztasuna eta baloi erritmoa galdu ditugu. Haiek, aldiz, partidako lehia txikiak irabazten joan dira. Lehen zatia bukatzeko 3 minutu falta zirela, 5×4-ko jokoa aukeratu dute eta behin betiko hautsi digute partidaren erritmoa. Bigarren zatian eta jokoa amaitzeko 16 minuturen faltan, bost falta egin ditugu. Hala eta guztiz ere, mutilek sufritzen jakin dute eta oso garaipen ona lortu dugu irudi ona eskaini duen eta areto futbol ausarta zein erakargarria garatu duen talde baten aurka“.

AUPA LAUBURU IBARRA MAHALA!!!!