Alfredo Hualdek zuzentzen duen taldeak Iruñeako San Juan A.D taldea izango dugu aurkari larunbat honetan, zeina sailkapeneko hirugarren postuan kokatzen den 46 punturekin. Orain arteko jardunaldietan, 14 partida irabazi eta 3 galdu dituzte. 

Joan den asteko partidari dagokionez, Iker Bizkairen mutilek 3 eta 0-ko markagailu batekin galdu zuten oso ondo jokatu zuen Tafatrans baten aurka. Partidaren ostean, Nafarroako taldeko entrenatzaileak taldeak bideaz gozatu behar zuela aipatu nahi izan zuen eta, larunbat honetara begira, gure taldeari aurre egitea tokatzen zaiela. Bizkairentzat talde morea “onena da, eduki beharreko guztia duelako”.  

Talde nafarra oso ondo definitutako jokoa egiten ari da denboraldi honetan. Horri guztiari bi kluben arteko lehia osasuntsua gehitu behar diogu. Gainera, aurkariak gogo handia du garaipena lortzeko. Izan ere, ezin izan zuten Errege Kopan irabazi eta Belabietan elkarren artean jokatutako lehen partidan, etxekoek irabazi zieten. 

Ibartarrak 6 jardunaldi jarraian daramatzate 3 puntuak eskuratuz. Horrez gain, joan den astean Zierbena taldea 8 eta 0-ko markagailu batekin menderatzea lortu eta entrenatzailearen ustetan denboraldiko partida onena jokatu ostean, Iruñeara oso indartsu eta gogotsu iristea espero dute. Hualdek adierazi duenez, “maila hau ematen jarraitu behar dugu, San Juanetik hasita. Taldekide beteranoekin maila altuan lehiatzen duen taldea da eta, beraz, Zierbenaren aurka erakutsi genuen maila eta bertsioa ateratzen saiatuko gara”. Hala, taldea kontziente da puntuak lortzen jarraitzeko dagoen beharraz. Horrekin lotuta, aurkari zuzen baten aurka jokatu beharko dutela azpimarratu nahi izandu baina taldea oso ondo dagoela eta, horregatik, ahalik eta gogorren entrenatuko dutela; betiere Iruñean irabazteko helburuarekin. 

San Juanetik aurreratu dutenez, “indarrak aterako ditugu larunbateko borrokarako”. Beraz, nahiz eta aurkariek eta ibartarrek baja garrantzitsuak izango dituzten (gure kasuan Dani eta Juaristi), larunbatekoa areto futbol oneko ikuskizuna izatea espero da; gozatzeko horietakoa. 

Azkenik, klubetik gogorarazi nahi dugu doako autobusa antolatu dugula gureak animatzera joateko zalantzarik egiten ez duen ororentzat. Autobusa eguerdiko 15:30ean aterako da Belabietatik. Ligako azken jardunaldietara hurbiltzen ari gara eta, horregatik, inoiz baino gehiago behar zaituztegu. Funtsezkoa da taldeak atzean duten babes guztia sentitzea.

Autobuserako txartelak lortu ahal izateko Lauburuko bulegotik pasa zaitezkete egun eta ordutegi hauetan:

Asteazkena 19: 17:00/20:00

Ostirala 21: 16:00/20:00

GOAZEN LAUBURU K.E IBARRA!!!!