Lauburuk bi jokalarien portaera eskertu nahi du. Javik eta Oihanek agur esango diote talde moreari eta maila bereko Tafatransen jokatuko dute datorren denboraldian. Bi kasuetan lan edo arrazoi profesionalek eragin dute Belabieatik irten eta Tafallarako bideari ekitea. 

Irurtzungo eta Ezkarozeko jokalariek sentsazio oso onak utzi dituzte zaleen artean. Denbora luzez gogoratuko dugu, bereziki, bien goleatzeko gaitasuna eta proiektuarekiko konpromisoa eta inplikazioa.

Horrela, entrenatzaile berriarekin batera, bi jokalari nafarrak ordezkatzeko aukerak bilatzen ari da kluba. Bi baja horiek, Aitzol kapitainarenarekin eta Alfredo Hualde misterrarenarekin batera, denboraldi honetako bajen atala itxiko lukete.

Azkenik, COVID-19aren ondorioz bizitzen ari garen egoera kontuan hartuta, baldintzak betetzen diren heinean, horietako bakoitza agurtu ahal izatea espero du klubak. Ahal izanez gero, agur hori pistaren barruan izatea desiatzen du Lauburuk. Nolanahi ere, zalantzarik gabe, merezi duten agurra jasoko dute.