15 urte pasa dira kamiseta morea jantzi nuen lehen alditik, 14 urte nituela nere lehen partida jokatzeko. Argi dut ordea berriro ere jantziko dudala, nahiz eta jakin hemendik aurrera kantxaren beste aldean egongo naizela, harmailetan, taldea animatzen, orain arte ni animatu nauten bezala. Nahiz eta ezin izan dudan denboraldia nahi bezala amaitu eta zaleekin agurtu, eskerrak eman nahi ditut nere bizitza osatu duten jende horiei.

Azkenean Lauburu nire bizitzaren parte da eta gaur egun naizena berari zor diot zati handi batean. Nire Lauburuko lehen oroitzapenak bigarren mailan zegoenekoak dira. Belabieta beterik, harmailak sutan eta herri bat taldeari bultzatzen. Geroztik hamaika ordu pasa genituen Belabietan, egunen batean miresten genuen talde horren partaide izateko ilusioarekin. Ilusio horrek beti lagundu nau bidai honetan zehar.

Horrelaxe ekin nion nere ibilbideari klubean, 14 urterekin. Ilusioa zen eguneroko motibazioa eskolako lanak egin eta entrenatzera joateko, entrenamenduetan hobetzeko. Astean bi, hiru edo lau entrenamendu egiteko aukera bazegoen orduan eta hobeto. Amai ezina den lista bat egingo nuke nere etapa honetan izan ditudan taldekide, entrenatzaile, fisio eta delegatuekin. Ezingo zaituztet denak aipatu, baina denak zaudete gogoan.

15 denboraldi hauetako momentu batzuk gogora ekarri nahi nituzke, nire bizitzaren parte izan zaretenei eskerrak emateko. Lehenik eta behin jubenil mailan izan ditudan entrenatzaileei: Mikel Sanz, Txubel eta Juanma. Zuek erakutsi didazue dakidan gehiena.

Gogoan dut 15 urterekin nola debutatu nuen lehen taldearekin euskal kopako partida batean Cesar-en esanetara. Orduantxe egin nuen nire lehen gola lehen taldearekin, harritzekoa baino nire atean izan zen gol hura.

17 urterekin, jubenil nintzelarik, jokatu nuen ligako lehen partidua Txubel-en esanetara. Prados, Karrera, Victor eta Zabalo ziren nire alboan. Bere garaian harmailetik animatzen nituen jokalariak, orain beraien alboan jokatzen ari nintzen. Haurra nintzeneko ametsa bete zen, baino denborak esan dit une horretan ametsa hasi besterik ez zela egin. Bazirudien zailena eginda zegoela, baina makina bidai pasa nituen minuturik jokatu gabe. Entrenamenduetan gogor ekinez eta taldekideen aholkuei jarraituz, lehen taldeko jokalari izatera iritsi nintzen.

Geroztik milaka kilometro, herri eta aurkari igaro dira nire aurretik. Gogoan ditut 3. mailara jaitsi ginen urte hura, baita 3.mailako txapeldun izan ginen hurrengo bi urte horiek ere: Unai, Kristian, Txipi, Arrospide, Loitzun,Jokin … Bereziak izan ziren urte horiek, jubeniletatik igarotako jokalariak gehiengoak.

Azken urte hauetan izan ditudan entrenatzaileak ere eskertu nahi nituzke: Arevalo, Mikel Diestro eta Alfredo. Beti dagoelako zer ikasia irakasteagatik. Areto futbola beste modu batean disfrutarazteagatik. Azken urte hauetan izan ditudan taldekideei ere eskerrik beroenak, kantxetatik haratago familia bat osatu dugulako. Iazko denboraldia izan dudan bizipenik hoberena izan delako.

Eskertza berezi bat egin nahi diet, nire ibilbide guztian zehar elkarrekin egon diren Joseba Balerdi eta Garmen-i. Elkarrekin sufritu, gozatu eta bizitu dugun guztiarengatik.

Ahaztu gabe, Lauburu proiektua aurrera eramatea ahalbidetu duten guztiei eskerrik asko. Zuengatik ez balitz, hau ez zen posible izango.

Azkenik, afizioaz ere enuke ahaztu nahi. Mila esker eman didazuen babes guztiagatik. Partidarik zailenetan hor egon zeratelako, elkarrekin sufritu dugulako eta elkarrekin gozatu dugulako. Taldeak behar gaitu eta hor edukiko gaitu hemendik aurrera.

Pertsonalean, ama zuri ere eskerrik asko bihotzez, nahikoa garbigailu jarri dituzu nire arropekin bakarrik.

Esan bezala, hau ez da amaitu. Klubean jarraituko dut lanean, nik izan ditudan aukerak besteek izan dezaten. Harmailetan dauden haur horiek, begiradetan duten ilusio hori errealitate bihur dezaten.

Eskerrik asko bihotzez!