Lauburu Ibarra Mahala taldeak Otxartabe Kirol Klubari irabazi zion asteburuan, lehen faseko azken konpromiso bikoitzean. Hortaz, lehen 14 jardunaldien ostean 14 garaipen eskuratuz pasa da bigarre fasera. Gauzak horrela, Aitor Arevaloren mutilek Asturiasko azpitaldearen aurka jokatuko dute bigarren fasean, guztira 8 partida jokatuz: 4 etxean eta beste 4 etxetik kanpo.

Lehen fasean lortutako puntu eta koefizienteen batuketaren eta bigarrenean jokatu beharreko konpromisoen ondoren, azken sailkapena aterako da. Lehen bi sailkatuek Espainiako txapelketaren aurreko faserako txartela izango dute. Talde morearen aurkariak Gijon Playas, La Esperanza Rangers, Inter Yesos Castaño eta Escuela Futsal de Siero izango dira.

Piparreroek jokatutako azken konpromiso bikoitzari dagokionez, orain arte egindako lehen fase bikaina ziurtatu nahi zuten. Larunbatean, Belabietan jokatutako partidan, 10 goleko aldearekin gainditu zuten talde bizkaitarra, hasieratik bukaerara nagusi izan ziren partida batean. Neurketako golegileak Martin (3), Iturri, Ekain, Jokin, Zubillaga, Eñaut eta Iker izan ziren. Era berean, jokalari aurkari batek bere atean sartu zuen beste bat.

Igandean berriro jokatu zuten elkarren aurka bi taldeek; kasu honetan, Bilbon. Lehen zatia 0 eta 1-ekoarekin bukatu zen. Aldageletatik itzuli ondoren, ibartarrak beste martxa batekin irten ziren eta bigarren zati bikaina egin ondoren 0 eta7-ko partziala sartu zuten eta 0 eta 8-koa utzi zuten markagailuan. Golegileak Iker (3), Zubillaga (2), Iturri, Martin eta Beñat izan ziren.

Igandeko partida amaitzean entrenatzaileak honakoa adierazi zuen: “Garaipen guztiak lortuta amaitu dugu lehen fasea. Irailean pentsaezina zen datu horiek lortuko genituela, baina egiten duten horretan sinesten dute mutil hauek. Gainera, oso polita da entrenamenduetan gozatzen eta, aldi berean, sufritzen ikustea. Horrek eragiten du garaipenaren poza. Aste honetatik aurrera, bigarren fasea prestatzen hasiko gara. Umiltasunez eta ilusio handiz egingo dugu lan lehen postu horri eusteko. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot klubari komunikazio aldetik egiten duen lanagatik. Sare sozialetan eta kanal ezberdinetan egiten den hedapenari esker, gurasoek eta zaleek mutilen bilakaera ikus dezakete; ahal den modurik hurbilenean beren indarra transmitituz. Bigarren fasean kantxatik gozatu ahal izatea espero dut. Guretzat ezinbestekoa izango da eta euren babesa beharko dugu”.

GOAZEN LAUBURU!!!!