Ibarrako Lauburu Kirol Elkarteak aspaldiko ametsa jarriko du abian datorren denboraldian, areto futbolean ikasteko eskola berria. Eskola, kirol hau probatu nahi duten Tolosaldeko neska-mutilei zuzendua dago, formakuntza hasierako etapatik egiteko aukera eskainiko duelarik.
Aspaldian mahai gainean egon den proiektua da, baina aurten eman dira sortzeari begira Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzeko pausuak. Ibarrako Udalaren laguntza ere izango du eskola honek, bere kirol teknikariaren bidez eta Uzturpe ikastolarena ere bai, Ibarrako herriko hezkuntza-zentro gisa.
Eskaintza Tolosaldeko neska-mutil benjamin eta alebinei zuzenduta dago, eta Cesar Roca eta Juanan Rodríguezek gidatutako azpiegitura tekniko kualifikatu bat izango du. Biak Gipuzkoako entrenatzaile eskolako irakasleak dira eta areto futbolean eskatzen den titulaziorik handiena dute, lehenengoak hezkuntzaren munduan eta bigarrenak kirolean duten eskarmentuaz gain.
Hala ere, ez dira bakarrik egongo. Aitor Arevalo, Javi Mugica, Mikel Raposo eta Aitor Andresek osatuko dute proiektu berri honen hasierako kuadro teknikoa. Aitor eta Mikel arlo tekniko-taktikoaz arduratuko dira; Javik atezainak prestatuko ditu eta Aitor Andresek fisioterapeuta lanak egiteaz gain, kirol-ohiturak, elikadura eta prebentziozko lana zaintzeko ardura izango du. Guzti hau, Foru Aldundian aurkeztutako kirol proiektuaren barne egongo da.
Inskripzioa klubeko web orriaren bidez egin ahal izango da, eta inskripzio-ordena zorrotz jarraituko da. Lehenbiziko fase honetan eskolako zuzendaritzak kategoria bakoitzeko 24 neska-mutilen topea finkatu du; teknifikazio saioak ostiraletan izango dira, 17:30etik 20:00etara bitartean, ordu eta laurdeneko bi turnoetan banatuta; benjaminekin hasi eta alebinekin amaituz.
Eskola zikloa 8 hilabetekoa izango da, urriko lehenengo ostiralean hasi eta maiatzeko azken ostiralean amaituko da; izen-emateak urteko 200 euroko kuota izango du (25€ hileko) eta bertan sartuta egongo dira: beharrezkoa den erantzukizun zibilaren aseguru poliza, entrenamendurako arropa eta aktibitatea aurrera eramateko beharko den kirol material guztia. Lehenengo taldeko jokalariek saioetan parte hartuz lagunduko dute, gaztetxoek, gaur egun klubeko eta Gipuzkoako kirol adierazlerik gorena ondoan izateaz gozatuko dutelarik.