Raid Iruñeko San Juan taldetik dator eta, senior kategoriako bere lehen urtea izango den honetan, areto futboleko jokalari bezala hazten jarraitzeko ilusioarekin iritsiko da Ibarrara
Javiren eta Oihanen irteera nolabait konpentsatzeko, jokalari ezkertiarren bila ari zen kluba inguruko merkatuan. Izan ere, bi jokalari horiek kluba uztean, lehen taldearen egitura apur bat desorekatuta gelditzen zen. Hura baldintza esklusiboa izan gabe, entitate morearen prioritate bihurtu zen.
San Juan Kirol Elkartean 3 denboralditan hezi ondoren, (horietako bi Ohorezko Jubenil Mailan eta azkenekoa, berriz, Bigarren B Mailako taldean) 19 urterekin iritsiko da Raid Belabietara; senior bezala jokatuko duen lehen denboraldia izanik. Gainera, Nafarroako Jubenil kategoriako selekzioan parte hartzeko aukera ere izan zuen, aurreko fasea jokatuz. Bertan, jokalari bezala nolabaiteko protagonismoa irabazteaz gain, azken fasearen atarian geratu zen bere taldearekin batera, amaierako partidan Madrilen aurka galdu ondoren.
Jaiotzez iruindarra, Txantrea Futbol Eskolara 5 urte besterik ez zituenean sartu zenetik, ez du baloia askatu Raidek. Bertan 6 denboraldiz jokatu ondoren, beste zenbait kirolen artean futbola eta areto futbola eskaintzen dituen diziplina anitzeko San Juan Kirol Elkartean bertan jarraitu zuen areto futbolean jokatzen.
Raid aurrelari postuan moldatzen bada ere, bere gaztetasuna dela eta, misterra eta bere egokitzapena izango dira bere ibilbidea bideratuko dutenak. Gure kirolean hobetzeko tarte handiarekin, Nafarroako gazteak denboraldi baterako sinatu du Ibarrako klubarekin. Hala ere, klubaren aldetik eta betiere lehen urte honetan bi aldeen artean egongo den esperientziaren arabera, beste urte bateko berrikuntza da aukera nagusia.
Hurrengo mezua adierazi nahi izan digu Raidek: “Oso pozik nago Lauburu K.E Ibarra bezalako klub handi batek fitxatzeagatik eta nigan jarri duten konfiantzagatik. Gogo handia dut lehenbailehen dena ematen hasteko, Belabietan ikasi eta gozatzeko. Elkarrekin lan egingo dugu igoera zail eta polita lortzeko. #GoazenLauburu!”
Lauburutik ongietorria ematen diogu eta eskerrak eman nahi dizkiogu San Juan kirol-taldeari bi kluben artean egon den erraztasunagatik eta sintonia onagatik. Oso merkatu txiki eta konplexuan gaude, baina, oraindik ere, badago gauzak ondo egiteko aukera kirol amateurrean. Eskertzekoa da testuinguru guzti honetan komunikazioa arina izatea, jokalari bat galtzeak entitate batentzat suposatzen duenarekin bat eginez. Era berean, zorterik onena opa diegu mailaz igotzeko laster jokatuko duten play off-etan. Kanpaina bikaina egin ondoren Liga laugarren postuan amaituz, guztiz merezi duten aukera da.
Azkenik, Jotarekin koordinatuta, kirol zuzendaritzak lanean jarraitzen du ahalik eta talderik onena ixteko ahaleginak eginez. Gasteizko entrenatzaileak itxaropen berriak piztu ditu ibartarren inguruan eta ziklo berri honi ilusioz aurre egiteko prest gaude.