Larunbat honetan bigarren faseko bigarren itzuliari hasiera emango dio gure taldeak eta etxetik kanpo jokatuko du 18:00etan Pinseque A.D taldearen aurka. Jotak zuzentzen dituenak Tafallan jokatutako azken partida galtzetik datoz, baina oraindik ere ilusioari eusten diote. Jotak ere halaxe zioen: guztien jarduna eta ahalegina izugarria da eta, horri esker, “Play Off-ean egoteko aukeraren atzetik jarraitzen dugu”. Ezarritako helburua lortzea oso berezia da eta, gure taldeak, Koparako sailkatzean berea lortzeaz gain, haratago doaz eta igoera Play Off horrekin amets egiten dute orain. Gure jokalarien inplikazioaren eta hazten jarraitzeko gogoaren beste adibide bat.
Aurkariari dagokionez, Aragoiko taldea bosgarren postuan dago gaur egun, Guadalajara eta Burgosekin datorren denboraldian Kopa jokatzeko sailkatzeko lehian. 32 puntu pilatuta, arrisku handikoa da Dani Salanuevak zuzentzen duen taldea. Gainera, Otxartaberi irabaztetik datoz eta, horrek, etxean jokatzen dutenean duten gogortasuna erakusten du, baita egun daramaten dinamika positiboa ere. Hala ere, gogora dezagun Belabietan ibartarrek 5-1 irabazi zietela. Partida oso lehiatua izan zen, baina moreek argi utzi zuten, edozein zailtasun izan arren, badakitela funtsezko egoera bat gainditzen.
Horrekin lotuta, taldeak astean zehar ondo entrenatu duela adierazi du Jotak. Hala ere, ia segurtasun guztiz, Dani larunbaterako baja izango dela jakin berri dugu, lan-istripu baten ondorioz. Bestalde, taldeko beste bi kide konfinatuta daudenez, gure entrenatzaileak Ohorezko Jubenil Mailako taldeko Iker eta Beñat deitu ditu norgehiagokarako. Bidaiatu ezin dutenen falta sumatuko badugu ere, egoera hau aukera polita da gazteenek ere plantillan leku garrantzitsua har dezaten. Klubetik gure animo guztia bidaltzen diegu bai Daniri eta baita konfinatuei ere. Laster ikusiko dugu elkar, eta seguru zuen laguntza eta indarra urrutitik jasoko dugula!
Esanak esan, beti bezala, ez dago aitzakiarik eta guk aurrera begiratuko dugu. Lortu duguna oso handia da eta horretaz jabetu behar dugu; are gehiago, egoera ez dela mesedegarriena jakinda. Miresteko moduko lana gure mutilena. Beraz, jarrai dezagun borrokan eta jarrai dezagun ametsetan, ez baitago zalantzarik ahal dugula eta, batez ere, merezi dugula.
GOAZEN LAUBURU!!!!