Bihar, Lauburu Ibarra Mahala taldeak Madrilera bidaiatuko du Torrejon de Ardozen jokatuko den Espainiako Jubenilen Kopan lehiatzeko. Ibartarrek Galdar FS talde kanariarrari irabazi zioten pasa den astean Belabietan 5 eta 1-eko emaitzarekin. Garaipen horrekin, aipatutako Txapelketako final-laurdenak jokatzeko sailkatu ziren. Lortutakoa epikoa da Lauburu bezalako Klub batentzat, eta argi utzi du oinarritik egiten den lan eskergak izugarri merezi duela.
Horrela, Aitor Arevalok zuzentzen duen taldeak hitzez azaltzeko zaila den ilusioarekin ekingo dio esperientzia berriari. Honaino iritsi aurretik asko sufritu eta borrokatu dute. Orain, balio duten guztia erakusten jarraitu nahi dute, egunez egun hobetzeko ahalegina eginez.
Esandakoarekin, ostiralean izango da final laurdenei dagokien lehen neurketa, eguerdiko 13:30ean. Bertan, Valladolid Tierno FS taldearen aurka arituko dira. Irabaziz gero, larunbatean jokatuko den finalaurrekora sailkatuko lirateke eta, erronka hori ere gaindituta, igandean jokatuko lukete finala.
Zentzu horretan, Aitorrek azaldu digunez, kontra erasoak egiteko erraztasuna duen eta banakako talentu handikoa den talde bati egingo diote aurre. Gainera, erasoko mailan lan handia egiten duen taldea dela gaineratu du, Armando pibotarekin zuzenean jokatzeko edo paseen bidez jokoan aurrera egiteko gai dena. Zehazki, defentsa altuak eta baxuak planteatzen dituen aurkaria dela azpimarratu du gure entrenatzaileak, eta, beraz, talde bat aurkituko dutela, eta, beraz, garrantzitsua izango dela “erasoko ideiak argi izatea” defentsa hori desegokitzeko. Hori ez ezik, geldikako jokaldietan Valladolidekoak “presentzia handia” dutela gaineratu du Arevalok; batez ere, “jaurtitzeko gaitasun ona dutelako”.
Horrekin guztiarekin, gure taldeak ilusio handia du lana ondo egiteko eta gogotsu dago larunbatean finalerdietara igarotzeko garaipena lortzeko. “Dena emango dugu eta, gure mailarik onenean jokatuta, ziur nago oso ondo lehiatuko dugula”, zioen Aitorrek.
Klubaren laugarren parte-hartzea izango da Jubenilen Espainiako Kopa batean eta formatu berri honetan azken fasera iristea lortzen den bigarren aldia. Lehenengo aldian, aldiz, formatua desberdina zen eta zozketa bidez pasa zen lehen itzulia. Hortaz, ekitaldi garrantzitsu honi estaldura emateko, Klubak Zuzendaritza Batzordeko 4 kide eta Komunikazio Taldeko 3 laguntzaile eramango ditu Madrilera. Gainera, 50 bat senidek ere Torrejonera bidaiatuko dute, batzuk ostegunean bertan eta beste batzuk ostiral goizean. Era berean, larunbaterako sailkatuz gero, senide eta zale gehiago iritsiko lirateke, besteak beste, lehen taldeko entrenatzailea.
Esperientzia bizia eta seguru oso aberasgarria gazte promesa hauentzat. Honaino iristea ez da erraza izan eta ahalik eta etekin handiena atera behar diogu aurretik datorren guztiari. GOAZEN LAUBURU!!!!