Bihar Villalbara (Madril) joango gara 21-22 denboraldiko azken-aurreko jardunaldia jokatzeko. Bidaia luzea dugu aurretik, eta, beraz, goizeko 8:30ean irtengo gara Belabietatik; arratsaldeko 18:00etan ospatuko den partida baino lehen bazkaltzeko eta atseden hartzeko denbora nahikoarekin iritsi nahi baitugu.
Aurkaria, Dehesa Villalba, zortzigarren dago sailkapenean (gu baino postu bat gorago), guztira 40 puntu pilatuta. Hori kontuan hartuta, kategorian jarraitzea ziurtatuta duen taulako azken taldea da Madrilgoa. Haiek ez bezala, guk 3 puntu behar ditugu azken partidara arriskutik salbatu garela jakiteak dakarren lasaitasunarekin iritsi nahi badugu. Jakina, atzetik ditugun taldeek lortutako emaitzen araberakoa izango da dena.
Beraz, ez dago zalantzarik: norgehiagoka garrantzitsua dugu aurretik. Oso egoera zailean gaude, eta aspaldidanik bizitako zailenetakoa dela esatera ere ausartzen gara. Horren aurrean, gure entrenatzaileak jokalari guztiei deitu die, eta Euskal Ligako jubeniletatik Marcos izango da oraingoan taldearekin batera bidaiatuko duena.
Ibarran Villalbako taldea hartu genuen lehen partidan 5-3ko emaitza lortu genuen. 40 minutu biziak izan ziren, eta markagailua iraultzea lortu genuen 3 puntuek Ibarratik ihes egin ez zezaten. Espero dugu oraingoan ere garaipenak gurekin bidaiatzea. Handicap-ez betetako urte gogor baten ondoren, 22-23 denboraldian mailaz eta kirol honetaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dugula ospatu nahi dugu.
Elkarrekin lortuko dugu! GOAZEN LAUBURU!!!!