Bihar etxera itzuliko gara Aste Santuko etenaldiaren ostean, eta pilak kargatuta, denboraldi honetan mailara igo berri den ED Brunete talde madrildarraren bisita jasoko dugu. Etxeko gisa jokatzen dugun astebururoko legez, 18:30ean emango diogu hasiera neurketari, eta azken txanpan murgildurik, espero dugu gure zaleek harmailak ilusioarekin eta itxaropenarekin betetzea.
Bisitariei dagokienez, hamargarren postuan daude sailkapenean, 30 puntu pilatuta, hemendik amaierara arte gure aurkarietako bat izango den Villa de Quel-en berberak, hain zuzen. Zentzu horretan, egun arrisku postuetan egon ez arren, Brunetekoentzat ere da garrantzitsua puntuei estu heltzea, orokorrean, berdintasunak jarraitzen baitu sailkapena zuzentzen, eta oraindik erabakitzeko asko dagoelako. Gainera, ezin dugu ahaztu San Juani etxean 4-2 irabaztetik datozela. Ziur aski emaitza hori lagungarri izan dela atseden egunak beste lasaitasun batekin aprobetxatu, eta motibazio handiagoarekin itzultzeko.
Antzera, atsedena oso ondo etorri zaie gure jokalariei ere, eta denak gogo handiarekin daude, batez ere, ez dutelako ahazten Pinsequen 3 puntuak gure alde erortzeak eragin zuen zoramena. Izan ere, horri esker, laugarren postua berreskuratu genuen, eta irmo esan dezakegu gure aurtengo ametsa eskura dugula oraindik ere. Horrela, jokalari guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak, Iliasen eta Alvaroren sendatzearen albiste onarekin, Eric baita gurekin egongo ez den lesionatu bakarra. Halaber, Euskal Ligako taldetik, Beñat eta Ekain daude deialdian, Lauburu Ibarra Mahala igandean lehiatuko dela aprobetxatuta.
Aukera berri bat hain gertutik estutzen gaituzten aurkariengandik ahalik eta gehien urruntzeko, eta Play Off-ean gure lekutxoa egiteko. GOOOOOAZEN!!!!!