Larunbatean, esna amestu, eta bigarren mailara igotzeko Play Off-eko lehen faseaz gozatu ahal izango dugu Belabietan, 18:30ean. Egun hauetan zehar iragarri dugun bezala, SCDR Anaitasuna nafarra izango da gure aurkaria, joan-etorriko kanporaketa batean.
Zentzu horretan, oso pozik gaude esperientzia hau gure zaleekin partekatzeko aukera izateagatik. Gainera, honaino iritsi izanak suposatu duen esfortzu guztia kontuan hartuta, klubak Lauburu eguna ospatzeko erabakia hartu du, gure ustez ezin baitzen beste egun bereziagorik egon aspaldiko partez hura martxan jartzeko.
Dena dela, oinak lurrean ditugu, eta badakigu Ligako txapelduna izango dugula aurrez aurre. Are gehiago, nahiz eta azken jardunaldian aurkariak baja garrantzitsu asko izan, ia denak itzuli dira oraingo neurketarako, guk sentitzen dugun ilusio eta gogo berberarekin. Horrela, 40x20an egongo den kalitateaz eta intentsitateaz jakitun, jokalari guztiak deitu ditu Jotak, Euskal Ligako Beñat barne.
Oso aste bizia izaten ari da, non Mikel Diestroren fitxaketa bezalako albiste garrantzitsuak iragarri ditugun. Horren guztiaren artean, duela aste batzuk Jotak esaten zituen hitzak gogoratu nahi ditugu, oraindik Play Off-etarako sailkatuko ginela jakin gabe: “oso harro nago. Lan hau egitera etorri nintzen hona, baita gaztetxoei eboluzionatzen laguntzeko ere. Joan den urtea gogorra izan zen, baina bilakaera-lan bat egon da, eta oso pozik nago, batez ere, etxeko jendearen, gipuzkoarren, hazkundearekin. Taldea asko hazi da, eta maila gainditzeko muga-mugan egotetik Play Off batengatik borrokatzera iritsi gara. Ezin dut gehiago eskatu. Gainera, jokalarien portaera aparta da, bai pista barruan, baita kanpoan ere”.
Egun paregabea dugu gure zain. Elkarrekin, eta inoiz baino gehiago, GOOOOOOOAZEN LAUBURUUUU!!!!