Mikel Diestroren mutilek euren bertsiorik onena erakutsi zuten larunbatean Belabietan, eta ez zioten aukerarik eman Albelda FS taldeari (6-0). Hasieratik bukaerara CMO VALVES LAUBURU IBARRA-ren bertsiorik onena ikusteko parada izan genuen, presio altua, intentsitatea eta golaren aurrean eraginkortasuna uztartuz.
Partida ezin hobeto hasi zen etxekoentzat: Sergiok, lehen jokaldian bertan, baloia sare barrura bidali zuen eta defentsa errioxarrak ez zuen erreakzionatzeko astirik izan. Gol goiztiarra izanda ere, Albeldak ez zuen etsitzeko asmorik, eta lehen hamar minutuetan defentsa sendoa mantendu zuen, aurrelarien bidez kontra egiteko asmoz.
Bisitariek bere aukera garbiena 12. minutuan izan zuten, urrundik egindako jaurtiketa batek zutoinarekin topo egin zuenean. Hala ere, Laubururen erantzuna azkarra izan zen: baloia berreskuratu eta arrisku handiko erasoak sortzen jarraitu zuten.
Lehen zatia 1-0 amaitzera zihoala zirudienean, Chukyk zelai erditik baloia ostu eta jokaldi bikaina burutu zuen, 2-0ekoa eginez eta harmailak altxaraziz. Atsedenaldira markagailu eroso batekin iritsi ziren.
Bigarren zatian, gauzak ez ziren aldatu: CMO Valves Lauburu Ibarrak jokoaren kontrola mantendu zuen eta Albelda eusten ahalegintzen zen. VINCENZOk, debutean, ez zuen hutsik egin eta talde jokaldi eder baten amaiera izan zen bere lehen gola (3-0). Zortzi minutu falta zirenean, Víctorrek laugarrena sartu zuen bere estiloan, partidua erabat erabakita utziz.
Amaierara hurbildu ahala, erritmoa zertxobait jaitsi zen, baina CMO Valves Lauburu Ibarrak ez zuen aukerarik eman. Carusok bosgarrena egin zuen Víctorrekin jokatutako pareta baten ondoren, eta horrek bisitariak atezain-jokalariarekin arriskatzera behartu zituen. Baina ez zien funtzionatu: zelai erdiko baloi lapurreta batek Víctorren bigarren gola ekarri zuen eta, horrekin, neurketari azken ukitua eman zion (6-0).
Garaipen borobila, CMO VALVES LAUBURU IBARRA-k etxean erakusten duen sendotasuna berretsiz eta denboraldi hasierako sentsazio onekin jarraituz.