Belabietako pabilioia futbol sala zaleen gozamenerako agertoki bihurtu zen berriz. Harmailak beteta, giro bizia eta ikusmin handia. CMO Valves Lauburuk eta Tafak norgehiagoka zirraragarria eskaini zuten, une oro joan-etorri eta emozioz betea, azken segundora arte.

Partida orekatua hasi zen, bi taldeek abagune garbiak sortu zituzten, baina bai Marcos bai Tafako atezaina bikain aritu ziren. 11. minutuan, etxekoek lehen kolpea eman zuten: Raulek gola sartu zuen, eta minutu baten buruan, Rafak aldea handitu zuen 2-0ekoarekin.

Ibartarrek aginte makila hartuko zutela zirudien, baina Tafak berehala erantzun zuen. 16. minutuan gola sartu zuten nafarrak, eta jarraian, jokaldi erabakigarria: Chukyk, txartel horiarekin, behar ez zen falta bat egin zuen aurkariaren zelaian, eta bigarren txartela jaso zuen. Gainera, seigarren falta zen moreentzat, eta hamar metrotatik Iñigok ez zuen barkatu: 2-2.

Kolpeak ez zuen etxeko taldea desorekatu, ordea. Minutu bat geroago, Gorkak bakarkako pibot-jokaldi bikaina egin zuen: baloia jaso, ederto biratu eta 3-2koa jarri zuen markagailuan. Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ziren.

Bigarren zatian, Tafak presioa igo zuen, erritmo bizia ezarri eta talde moreko jokalarien nekea areagotu zen, batez ere lesioen eta txanda urriengatik. Hiru minututan, nafarrak aurretik jarri ziren.

Baina Rafa Usín kapitaina agertu zen berriro, taldearen gidaritza hartu eta berdinketa ezarri zuen (4-4), amaierarako 14 minutu falta zirela. CMO Valves Laubururen ahalegina ikusgarria izan zen, aurkari sendo baten aurrean nekeari eutsiz, publikoaren bultzadarekin.

Partida luzapenera zihoala zirudien, baina zoritxarrez, azken minutuan, Tafak aukera bakarra baliatu eta 4-5ekoa sartu zuen, errege kopako hurrengo faserako txartela eskuratuz.

Porrot mingarria CMO Valves Laubururentzat, bihotz guztiarekin jokatu zuten arren. Orain ligara begira jarri dira, larunbatean 17:00etan Belabietan Antiguokoren kontra jokatuko den derbian indarrak eta konfiantza berreskuratzeko asmoz.