Moreek sufritu, borrokatu eta lidertza mantendu dute, giro bero-beroan

Ribafrechako Udal Kiroldegian jokatu zen 11. jardunaldia, eta giro ikusgarria bizi izan zen berriro bigarren B mailako festaz gozatzen. Publikoak gogor estutzen zuten, etxekoek argi utzi nahi baitzuten euren kantxan ez dela inor paseoan ibiliko, eta Mikel Diestroren mutilak honako bostekoarekin atera ziren kantxara: Marcos, Chuky, Caruso, Raúl eta Morando.

Hasiera sendoa izan zuen Ribafrechak: ausart, beldurrik gabe, eta liderra nahasten saiatzeko prest. Baina bisitarien kalitatea berehala agertu zen. 2. minutuan, moreek egindako jokaldi borobil batean: Morandoren pase zoragarri bat Carusorengana iritsi zen, eta honek errematea eginda 0-1ekoa jarri zuen. Hasiera ezin hobea… baina laburregia.

Golaren ostean, CMO Valves Lauburu Ibarraren defentsako desoreka batean Ribafrechak aprobetxatu egin zuen. Bosgarren minutuan Benitok berdinketaren gola sartu zuen eta harmailak berriro piztu ziren. Hortik aurrera, lehen zatia errusiar mendi bat bezalakoa izan zen ibartarrentzat: jokaldi politak, abagune argiak… baina izen batek bereziki distiratu zuen: Carlos, etxeko atezaina. Eskuz esku salbatu zuen, jaurtiketa zailak gelditu eta bere taldeari eutsi zion atsedenaldira berdinduta iristeko.

Bigarren zatian, aldiz, laneko arropa jantzi behar izan zuten moreek. CMO Valves Lauburu Ibarra beste martxa batekin bueltatu zen, sailkapen buru egoteak zeozer esan nahi duela erakutsi nahian. Baloiaren jabetza nagusiki bisitariena izan zen, nahiz eta Ribafrechak eraso azkarretan min egiten segitu zuen, tarteka Carlos bera ia jokalari gisa batuz erasora.

Saria 25. minutuan iritsi zen: Chukyk 1-2koa sartu zuen. Partida maldan behera zihoala zirudien, baina areto futbola da hau, eta inork ez du erraz amore ematen. 33.ean, Chukyk berriro sareak astindu zituen (1-3), baina Javierrek segidan 2-3koa egin zuen, tentsioa berriro areagotuz.

Azken txanpan, liderra baloia mugitzen aritu zen lasaitasunez, eta etxekoek, nekea gorabehera, arriskua sortzen jarraitzen zuten. Azken minutura iristean, Ribafrecha bost jokalarirekin ari zen, eta kontra bateko baloi galera batean, Moisesek aurkaria heldu zuen atzetik. Zuzeneko txartel gorria, eta azken minutu osoa jokalari bat gutxiagorekin. Hala ere, moreek burua hotz mantendu zuten eta garaipen preziatua ixteko gaitasuna erakutsi zuten.

Amaierako emaitza: 2–3.

Hiru puntu gehiago, eta CMO Valves Lauburu Ibarrak bakarkako lidertza mantentzen du, 26 punturekin, Tauste baino bi gehiago. Ohar mingarria: Pol azken orduan lesionatu eta ezin izan zen deialdian sartu.

Hurrengo kapitulua Belabietan izango da, Zierbana bisitari izango dutelarik. Bizkaitarrak Segoviako San Cristobali irabazi eta gero, gogotsu iritsiko dira Ibarrara. Partida handia datorkigu.