Tentsio handiko derbia datorkio CMO Valves Lauburu Ibarrari

CMO Valves Lauburu Ibarrak larunbat honetan egutegian gorriz markatutako hitzorduetako bat izango du. 18:00etatik aurrera, ibartarrek Donostiako Pío Baroja kiroldegia bisitatuko dute Antiguoko E.D. Barrenetxearen aurka neurtzeko, intentsitatea, harrotasuna eta exijentzia gorena uztartuko dituen derbi beroan.

Irteera zaila izango da. Donostiako kantxa beti izan da plaza konplikatua; Mario entrenatzailearen mutilek erritmo bizia ezarri ohi dute eta aurkariaren akats oro garesti ordainarazten dute. Etxekoek Laubururen goranzko bolada eten nahi izango dute; izan ere, Belabietan joan den larunbatean lortutako iraultze ikusgarriak taldea indarberritu du, aldagelako morala sendotuz eta txapelketako azken txanpa honetarako ilusioa piztuz.

Talde morea sasoi betean dago. Plantilla sendo, konfiantzaz eta alaitasunez ari da, eta %100ean dago azken txanpa zorrotz honi aurre egiteko. Helburua argia da: beste hiru puntu eskuratzea, lidergoa sendotzeko eta lehen postua bermatzeko beste urrats bat emateko. Gainera, ibartarrek adi jarraituko dute aragoiarren neurketan gertatzen denari, haien balizko estropezu batek euren asmoak are gehiago indartuko lituzkeelako.

Filialak ere Gasteizera bidaiatuko du puntuak batzen jarraitzeko premiarekin

Jardunaldia igandean osatuko da Lauburu KE Ibarra Mahalak jokatuko duen partidarekin. Bigarren taldeak Gasteizera egingo du bidaia, 17:00etan Zabalgana kiroldegian Aurrera de Vitoria Futsalen aurka lehiatzeko.

Lehen taldearen ildotik, filialak ere premisa argia du: puntuak bai ala bai lortzea. Denboraldiaren une erabakigarri honetan, puntuak urrea dira. Bigarren taldeak jokoan dinamika positiboari eutsi nahi dio, nahiz eta puntuen aldetik uzta eskasa izan, eta sailkapenean gora egiten jarraitu.

Asteburu gogorra, beraz, Ibarra klubarentzat: bi irteera zorrotz eta helburu bakarra, puntuak batzen jarraitzea eta liga amaiera zirraragarri honetan helburuak bizirik mantentzea.