Belabietako festa giroa izan zen, harmailak bete-beteak eta partida handien usain berezi horrekin, play-offetakoen antzekoa. Ikuskizunak ez zuen huts egin, nahiz eta hasierak bertakoak zein kanpokoak harritu zituen.
Ribafrechak intentsitate handiz ekin zion neurketari, bosteko jokoaren alde eginez eta etxekoen nagusitasuna deseroso bihurtzen saiatuz. Hasierako planteamendu horrek izan zuen saria: 7. minutuan, Joaok errioxarrak aurretik jarri zituen, une batez pabiloia isilaraziz. Baina gol hura izan zen, paradoxikoki, ekaitzaren abiapuntua.
CMO Valves Lauburu Ibarrak zikloi baten modura erantzun zuen. “Makina morea” martxan jarri zen eta zortzi minutuz joko tarte erabat suntsitzailea eskaini zuen: intentsitatea, presioa, trantsizio azkarrak eta eraginkortasun hilgarria. Morandok berdinketa lortu zuen, Víctorrek ekaitza piztu zuen bi gol ikusgarrirekin, eta festara batu ziren Sergio, bere zelaitik sartutako gol eder batekin, baita Caruso eta Raúl ere, konturatzerako 6-1ekoa ezarriz.
Ribafrechak aldeak murriztu zituen Moisesen eskutik, baina etxekoen nagusitasuna erabatekoa zen. Rafak eta Chukyk atsedenaldia baino lehen abantaila handitu zuten 8-2ra arte, maila handiko lehen zati erasokorra borobilduz.
Aldageletatik igaro ondoren, erritmoa jaitsi egin zen, bideratutako partidetan ohikoa den bezala. Hala ere, ibartarren taldeak nagusitasuna erakusten jarraitu zuen, aurkariak lehiatzeari utzi ez bazion ere. Izan ere, markagailua handiagoa ez izatea Carlos Alonso atezainaren lan bikainari zor zaio neurri handi batean, haren geldiketek gol kopuru are handiagoa saihestu baitzuten.
Azken txanpan, Morandok bere bigarren gola sartu zuen partida pertsonal bikaina osatuz, Víctorrek hat-tricka borobildu zuen eta Gorka Ruiz goleatzaileen zerrendara batu zen behin betiko 11-2koa ixteko.
Garaipen sendo honek titulua pixka bat gehiago hurbiltzen dio talde moreari, Pinsequeren aurrean bost puntuko abantaila mantentzen baitu. Orain atseden astea dator, Aste Santuko geldialdiarekin, Bilbon Zierbenaren aurka —mailari eusteko lehian dagoen taldea— irteera zorrotza jokatu aurretik.
“Bigarren taldeak ez ditu emaitzak lortzen, baina jokoan hobera egin du”
Ez zuen zorte bera izan Lauburu KE Ibarra Mahalak, etxean berriro galdu baitzuen. Kukuiaga Etxebarrik hiru puntuak eraman zituen Belabietatik 6-8 nagusituta. Txubelen mutilek dinamika zailari eusten diote eta lanean jarraitu beharko dute sailkapeneko behealdetik irten eta mailari eustea ziurtatzeko.