Laskorainen aurkako lehen esperientziaren ondoren helburuak ondo ezarrita, Tafatrans talde indartsuari egin zion aurre atzo Jota Arreguik zuzentzen duen taldeak, txapelketa hasi aurretik bere bigarren testa izango zen horretan.
Raid, Alvaro, Aldalur, Zumeta eta Endika izan ziren hasierako boskotea. Ekintza arriskutsu bat gauzatuta lehen arriskua talde bisitariak sortu zuen arren, nabarmentzekoa den geldialdi batekin lortu zuen Endikak baloia kanpora ateratzea.
Era berean, jokoaren lehen minutuetan baloiaren jabetza nafarrena izan bazen ere, Arreguiren taldeak, partidan guztiz sartuta eta beldurtzeko asmorik gabe, horri aurre egiten jakin izan zuen. Horrela, oso gutxi falta izan zitzaion Boliri 7.minutuan markagailura lehen gola igotzeko, Endikak bidalitako baloi luze bat errematatuz. Iñigok eta Zumetak ere izan zituzten beren aukerak, atezainak kanpora ateratzen zituen kalitatezko jaurtiketekin.
Hala ere, lehen zatiko erdialdera iritsita, atean asmatu gabe jarraitzen zuten bi taldeek. Iñigo Boli bilatzen saiatu zen bigarren zutoinean, partidako lehen gola izan zitekeena lortzeko eta Antxonek, berriz, nafarren pase bat moztu eta erasoan atera zen baloia sare hondora eraman nahian. Hala ere, honek, barrura sartu nahi izan gabe jarraitzen zuen.
Atsedenaldirako ia minutu bat falta zenean, Tafak, baloiaren jabetza mantenduz, aukerak sortzen jarraitu zuen baina, ibarrakoen defentsaren aurrean, ez zuen jokaldiak amaitzea lortzen. Ondorioz, begi bistakoa zen bezala, 0 eta 0-ko markagailuarekin iritsi ziren lehen zatiaren amaierara. Hortik aurrera, edozer gauza gerta zitekeen, edo hura zen bertakoen sentsazioa behintzat.
Bigarren zatian, Juaristi, Andoni, Zumeta, Raid eta Jorgerekin zelairatu zen talde morea. Lehen minutuetan, antzeko jokoa eskaintzen jarraitu zuten bi taldeek eta, ez etxekoek ezta bisitariek ere, ez zuten bat ere barkatzen. Aldi berean, lehen txartel horia iritsi zen aurkariarentzat, Lauburuk aprobetxatzea lortu ez zuen aukera on bat sortuz.
Kronometroak aurrera jarraitzen zuen Ibarran eta, pistako intentsitatearen isla, Endikak, Jorgek eta Peñak partidako ia 40 minutuetan egin zituzten geldiketa garrantzitsuei, gure jokalarien defentsa paregabea gehitu zitzaion; zutoinetik baloi arriskutsu bat baino gehiago atera baitzuten.
Baina, orduan, 5.falta iritsi zen eta, horrekin batera, tentsioaren areagotzea moreentzat. Gainera, partida osoan zehar mantendu zen jokoaren erritmoaz gain, Arreguiri jada hutsarterik geratzen ez zitzaiola kontuan hartuta, oso zaila zen azken txistura arte beste faltarik egin gabe iristea. Beraz, nafartarren bi akzio gelditzen saiatzean, Andonik bi falta egin eta bi penalti bikoitz jaurtitzeko aukera aurkeztu zitzaien Tafallakoei. Baina, hala ere, Peñak, ia kliskatu gabe, bi jaurtiketak kanpora bidali zituen.
Belabietako azken minutuetan, arriskua eta 5-eko jokoa izan ziren protagonistak. Talde bisitaria izan zen horren alde egin zuen lehena, denbora gutxira markagailua estreinatzea lortuz. Aurrerago, etxekoak ziren atezain jokalariaren alde apustu egiten zutenak eta, Leandro Fernandezek zuzendutakoek, lapurketa bat egin eta hutsik zegoen atera egindako jaurtiketa baten ondoren, norgehiagoka 0 eta 2-ko markagailuarekin istea lortu zuten.
Azken minutuetan galdu arren, aurreko asteko lagunartekoan baino sentsazio hobeekin bukatu zuen partida taldeak. Izan ere, azken asteetan, berdintasun-jokoan izandako zenbait arazo lantzen eta zuzentzen aritu dira, eta atzoko partidak horietako batzuk dagoeneko konpondu direla egiaztatzeko balio izan die.
Arreguiren arabera, atzoko partidan, taldea, “defentsa maila onean” egon zen batez ere. Bestalde, emaitzari dagokionez, honakoa azaldu nahi izan du: “Taldea prest dago azken minutuetara arte talde indartsuekin borrokan aritzeko. Orain, atezain jokalariaren azken zati lehiakor horren alde apustu egitea gelditzen zaigu”. Gainera, zenbait jokalarien baja izan zituztela kontuan hartuta, taldeak defentsako helburuak guztiz bete dituela gaineratu du.
Entrenatzaile gasteiztarra pozik dago egindako lanarekin, taldea finkatuta ikusten du, ondo lan egiten eta asko aurreratzen. Horrela, hemendik aurrera, azken metroetan hobekuntza eta arintasun gehiago bilatzen jarraituko dute.
GOAZEN LAUBURU!!!!