Igandean Lauburu Ibarra Mahalak Apoyo Solidario C.D taldearen bisita jasoko du Belabietan goizeko 11:30etan. Aurreko astean ere aurkari izan ziren Samanon (Castro) jokatutako neurketan eta ibartarrek 3 eta 6-ko markagailu batekin lortu zuten garaipena.

Emaitza horrekin aurkariak laugarren kokatu dira sailkapenean, 12 punturekin, 4 partida irabazi eta beste 4 galdu ostean. Bestalde, Aitor Arevalok zuzentzen duen taldeak lidergoari eusten jarraitzen dio eta 7 jardunaldi jokatuta ez du oraindik porrota ezagutu. Horrela, gaur egun 21 puntu pilatu dituzte oso-osorik.

Aipatutako emaitza gorabehera, gure taldeak badaki igandeko partida pasa den asteburukoa baino zailagoa izango dela. “Porrotaren ordaina hartu nahi dute, eta badakigu errebantxa egiteko asmoz etorriko direla”, adierazi du Arevalok.

Hori kontuan hartuta, alde batetik, azken jardunaldian egindako akatsak landu ditu gure taldeak eta, bestetik, aurkariaren bertuteak aztertu ditu. Horrekin, “zelaira irtetea, biziak izatea eta defentsan zein erasoan baloiarekin eta gabe gozatzea” besterik ez zaiela geratzen esan du gure entrenatzaileak.

Beraz, etxekoek zein bisitariek ezarritako helburuak lortzeko asmoz arituko dira igandeko norgehiagokan. Lehen itzuliko jardunaldi erdiak jokatu dira dagoeneko eta, hemendik aurrera, neurketa bakoitza aurrera ateratzea gero eta garrantzitsuagoa izango da.

GOAZEN LAUBURU!!!!