Partida bizia, dardaratsua eta Kopa usainez beterikoa izan zen asteazkeneko Otxartabe eta CMO Valves Lauburu taldeen arteko norgehiagoka, Errege Kopako bigarren kanporaketan. Mikel Diestrok zuzentzen duen taldea animotsu atera zen Gorka eta Raul berriz taldera itzuli izanagatik, nahiz eta Polen hutsunea oraindik nabarmena izan.

Hasiera ezin hobea izan zuten ibartarrek. Lehen bost minutuetan euren erritmoa ezarri zuten eta Otxartabe estu hartu zuten, baloia buruargitasunez mugituz eta aukera ugari sortuz. Jokoaren agintea erabatekoa zen, jokoa ia osotasunean, etxekoen pistako hogei metroetan garatzen ari zen, eta hauek nekez ateratzen ziren presiotik.

Baina nagusitasun horren erdian, 9. minutuan Otxartabek bisitarien atera lehenbiziko jaurtiketa egitea lortu zuen. Lauburuk, ordea, ez zuen atzera egin eta Enaitzek 10. minutuan izandako aukera argiarekin erantzun zuen, baina etxekoen atezainak geldiketa bikain batekin gola galarazi zion.

Presioak jarraitu zuen, baina 11. minutuan, Diestroren mutilen onenean, ustekabea etorri zen: Laubururen hutsegitea baliatu zuten etxekoek eta ez zuten barkatu. Pistan ikusten zen jokoarekin bat ez zetorren 1-0ekoa markagailuan.

Zorionez, Carusok berdinketa ekarri zuen 14. minutuan, pibot-aren ohiko jokoarekin ate aurrean bikain amaitu zuen. Hortik aurrera, piparreroak etxekoen atearen bila jo zuten tinko, eta etengabeko arriskua sortu zuten. Ahaleginak fruitua eman zuen eta atsedenaldia baino hiru minutu lehenago, Rafak 1-2koa sare barrura bidali zuen.

Bigarren zatian, Diestrok zuzendutakoek argi zuten partida azkar ixteko asmoa. Jokoaren kontrola euren esku zegoen eta 4. minutuan, Víctorrek kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin 1-3koa ezarri zuen.

Minutu gutxira, Chucky-k erakustaldia eman zuen: baloia lapurtu, Vincenzorekin pareta bat jokatu eta azken honek Rauli pasa gola egin zezan. 1-4koa markagailuan, eta itxuraz, kanporaketa bideratuta.

Hala ere, 13 minutu falta zirenean, Otxartabek 2-4koa sartzea lortu zuen, baina hortik aurrera ibartarrek defentsan erakustaldi bat eman zuten, batez ere etxekoek atezain-jokalariaren aldeko apustua egin zutenean.

Azken txanpan, bi minutu falta zirela, Otxartabek jokalari bat galdu zuen zuzeneko txartel gorriarekin. Diestroren taldeak, zuriz jantzita, tinko eutsi zion emaitzari eta Errege Kopako hurrengo faserako txartela eskuratu zuten.