CMO Valves Lauburuk garaipen garrantzitsua lortu zuen etxetik kanpo Ligako bosgarren jardunaldian, aurkari borrokalari baten aurka irabazita. Sala Quintoren aurkako norgehiagoka fisikoki oso gogorra izan zen, eta Diestroren gizonek ahalegin izugarria egin behar izan zuten.

Hasiera zaila izan zuten piparreroak: lehen minutua bete aurretik, Lauburuk bere atean sartutako zoritxarreko gol batekin aurretik jarri ziren etxekoak. Hala ere, ez ziren urduritu bisitariak, alderantziz: lasaitasunari eutsiz, Sala Quintoren presio biziari aurre egiten jakin zuten. Etxekoek jabetza kontrolatu nahian bosteko jokoa erabili zuten, eta horrek erritmo bizia ekarri zuen.

Bilbon asteazkenean jokatutako Kopako norgehiagokaren nekea oraindik hanketan zutelarik,Lauburuk esperientziaz eta pazientziaz jokatu zuen, partiduan sartzen joateko. Jarrera horren ondorioz, Sergiok aukera ona baliatu zuen atsedenaren aurretik berdinketa ezartzeko, hamar metrotik gora egindako jaurtiketa batekin.

Bigarren zatian, Lauburu sendoago zelairatu zen, baloiaren jabetza mantenduz eta jokoaren erritmoa markatuz. Hala ere, Sala Quintoren trantsizio bizkorrak arriskua sortzen jarraitu zuen, baina Marcos inspiratuta aritu zen atepean, hainbat geldialdi erabakigarri eginez.

Bigarren zatiko izarra Rafa izan zen: goi mailako hat-trick batekin markagailuari buelta eman zion. Bertako taldeak nekea pilatuta zuela aprobetxatuz, Lauburuk azken minutuak nagusitasunez jokatu zituen, lau jokalariko mugimendu koordinatuarekin. Azken kolpea Raulek eman zuen, Marcosek bere areatik egindako pase luze bikaina baliatuz 1-5koa ezartzeko.

Diestroren gizonek hiru puntu baliotsu eskuratu zituzten norgehiagoka zorrotz batean, taldearen heldutasuna, sendotasuna eta moldatzeko gaitasuna erakutsiz, aurkari nekaezin baten aurka.

Orain, piparreroek indarrak berreskuratu beharko dituzte, datorren jardunaldian Belabietan Colo Colo aragoarren aurka lehiatzeko. Beste norgehiagoka ikusgarri bat espero da.