Beste aste batzuetan baino atseden gutxiagorekin, gure taldeak Guadalajarako bidea hartuko du bihar goizean arratsaldeko 17:00etan Escuelas Ciudad de Guadalajara F.S taldearen aurka jokatzeko. Bigarren fasea garaipen bat gehiagorekin hasi ostean, bere gaitasuna erakusten jarraitu nahi du talde moreak, bigarren jardunaldi honi motibazio handiz aurre eginez.

Bestalde, lehen fasea euren azpitaldeko hirugarren postuan amaitu zuten Guadalajarakoek eta Otxartaberen aurka aurreko larunbatean jokatutako partida galtzetik datoz (5-2). Hala ere, biharko norgehiagokari dagokionez, “lehiatzeko gogoa eta ilusioa” dutela eta “eroso sentitu” nahi dutela iragarri dute sareetan. Era berean, beren entrenatzailea den Adri Martiñok azaldu duenez, “maila taktikoan ahalik eta ondoen” prestatu dute neurketa.

Ibartarrei dagokienez, txukun entrenatu dute aste honetan, antolaketa egitura zaila izan den arren. Gainera, Jotak adierazi nahi izan duenez, neurketa ondo prestatu dute, batez ere, jakin badakitelako, banakako egitura ondo landuta dutenez, aurkaria “defentsan oso indartsua” dela. Are gehiago, Arreguiren ustez, Guadalajarakoek abilezia dute sailkapenaren goiko aldean dauden taldeen aurka jokatzerako orduan eta etxean min handia egin dezake. Azkenik, bidaiak suposatzen duen handicapak gure jokalariengan eraginik ez izatea espero du; izan ere, denboraldi osoan lehen aldia da plantillak hainbeste kilometro bidaiatzen dituela.

Beraz, egun gogorra eta, aldi berean, ilusioz beterikoa izango da biharkoa. Hiru puntuak Ibarrara ez joateko ahalegina egingo dute etxekoek. Horren aurrean, piparreroak gogor arituko dira etxera sentsazio bikain batekin itzultzeko.

GOAZEN LAUBURU!!!!