Ia 6 hilabete baloi batekin gozatu ezinik egon ondoren, Lauburuko 2B mailako taldea bihar itzuliko da pistetara arratsaldeko zazpietatik aurrera. Jota Arreguik zuzentzen duen taldea, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako edo Ibarrako Udaleko protokoloek ezarritako prebentzio-neurriak betez bueltatuko da Belabietara. Horrekin lotuta, zehazteke dagoen denbora tarte batean zehar, saioak kirol-maskarekin egingo dira. Gainera, lehen egunetan lesiorik ez izateko, oso garrantzitsua izango da arreta eta kontu handiz jokatzea. Hortaz, bereziki, jokalarien arteko kontaktua landuko da lehen entrenamenduetan.
Horrekin guztiarekin, Gasteizko entrenatzaileak, “aurrez aurreko entrenamenduekin hasteko ziurgabetasunarekin” hasiko direla adierazi du, “egungo egoeraz jakitun” izanik. Era berean, jokalariek hilabete luze hauetan zehar banako saioak egin dituzten arren, horietan motibazioa mantentzea zaila dela gaineratu du Arreguik eta, horregatik, bihartik aurrera “jokalariak pistan ikustea eta denboraldi-aurreko lehen une horiek bideratzea” izango dela helburua.
Horrela, aste hauetan guztietan bizitako zalantza ugarien ostean, lanean hasteko gogo eta ilusio handia sentitzen dute jokalariek. Talde teknikoa gaur bertan bildu da klubeko kirol zuzendaritzarekin material guztiaren antolaketa amaitzeko eta, beraz, dena prest dago jada. 
GOAZEN LAUBURU!!!!