Bihar Zierbenara joango gara Ligako hogeita laugarren jardunaldiari dagokion partida jokatzera, arratsaldeko 18:00etan. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, funtsezkoa da gure taldearentzat 3 puntu batzea, eta dinamika on batera eramango gaituen pauso garrantzitsua ematea. Zazpi norgehiagoka besterik ez dira gelditzen (3 etxetik kanpo eta 4 Belabietan), eta beharrezkoa da mailaren iraunkortasuna ahalik eta azkarren ziurtatzea.
Aurkariari dagokionez, orain arte jokatutako 23 norgehiagoketatik 12 irabazi ditu, 3 berdindu eta 8 galdu, 39 puntu pilatuz. Gainera, oso bolada positibotik datoz, kontuan hartuta SCDR Anaitasunaren aurka irabazi zutela 5 eta 1eko emaitzarekin, eta 9 puntu pilatu dituztela ia jarraian. Beraz, argi dago asteburu honetan ere dena emango dutela.
Urrun gelditzen da jada haien aurkako joaneko partida, Jotak zuzentzen zuen taldeak hiru goleko berdinketa lortu zuenekoa, gehiagorako gogoz utzi gintuena. Hortik aurrera, Galipo taldearen aurrerapena izugarria izan da, eta Play-Offeko lau postuetako bat lortzeko borrokan jarri da buru-belarri. Gure taldeari dagokionez, berriz, hainbat ezusteko medio, pixkanaka jaitsierako amildegira hurbildu gara. Burua hotz, eta konfiantza osoa jokalariengan eta teknikariengan, jakitun baikara lana egiten ari garela dinamika honetatik ateratzeko eta denboraldi amaieran maila salbatzeko.
Horren aurrean, Juaristi izan ezik, beste jokalari guztiak deitu ditu Jotak. Entrenamenduen ohiko errutinara itzulita, lortu nahi dugun horretan ahalik eta gehien kontzentratzeko balio izan du asteak. Gure egoeraz jabetuta, indarrak batu, aurrera begiratu eta inoiz ez bezala borrokatzea da geratzen den bakarra. Lortuko dugu! Jarrera, ahalegina eta gogoa. GOAZEN LAUBURU!!!!