Lauburu Ibarra Mahala taldeak beste bi norgehiagokari egin beharko die aurre aste honetan, bietan Iturriondo Futsal Bilbao taldearen aurka lehiatuz. Lehenengo neurketa bihar jokatuko da Belabietan, arratsaldeko 17:00etan eta bigarrena, berriz, igandean Bilboko San Inazio kiroldegian goizeko 11:30ean.

Egun sailkapeneko 5.postuan dago aurkaria, 3 punturekin partida 1 irabazi eta 2 galdu ondoren. Lehen bi jardunaldiak jokatu ezin izan zituzten arren, bilbotarrak oso ondo aritu ziren beren bizilaguna den Gora Bilbao taldearen aurka jokatu dituzten partidetan. Hori kontuan hartuta, taldeak “bere bertsiorik onena” erakutsi beharko duela adierazi du gure entrenatzaileak, batez ere, orain arteko dinamika onari eutsi ahal izateko.

Aitor Arevaloren taldeak, beste bi garaipen lortu ostean, sailkapeneko lidergoari eustea lortu zuen joan den asteburuan; izan ere, ligako 3 jardunaldi bakarrik jokatu badituzte ere, 9 puntu lortu dituzte jada. Beraz, oraingoan ere “garrantzitsua izango da lehen partida aurrera ateratzea igandekoari begira faktore psikologikoa irabazteko”, adierazi du Arevalok.

Horrekin, Lauburu Ibarra Mahala gogotsu sentitzen da aste osoan zehar egiten duen ahalegin guztia pistan erakusten jarraitzeko. Horren inguruan hitz egin digu, hain zuzen, Martin Ibarbia taldeko jokalari eta bigarren kapitainak. “Partida guztiak irabaziz, oso hasiera ona izan dugu eta hori lortzeko bidea defentsan egiten ari garen lanak ekarri duela uste dut. Gainera, taldean oso giro ona daukagu eta, astez aste, gogor aritzen gara helburuak lortu eta ahalik eta urrutien iristeko”, esan du Ibarbiak.

GOAZEN LAUBURU!!!!