Alfredo Hualderen irteeraren ostean, Gasteizko teknikaria ziklo berri baten buru izango da erakunde morean. Horrela, Aitor Andresen jarraipenarekin eta Vanessa Ortegoren fitxaketarekin osatuko da talde teknikoa
Arlo teknikoan apustu sendoa eginez, profil akademiko nabarmena duen entrenatzaile bat fitxatu du klub moreak. Aulkian ibilbide luzea izateaz gain, hainbat prestakuntza-proiektutan parte hartu eta horien lidergoaz arduratu da. Horiek guztietan, bere nortasun ikurra “ezagutza partekatuz” eslogana izan dela esan genezake. Ingeniari tekniko industriala da eta 44 urterekin bi aldiz iritsi da Bigarren Mailara Atenea F.S taldearekin.
Gure kirolaren ikastuna izanik, eduki didaktiko zabala duen “Cofutsal” bloga kudeatzen du. Bertan, zenbait proiektu erakargarri garatu izan ditu, hala nola “Impulsa”, Cofutsal-en ikaskuntza-laborategia, zeinak, hainbat herrialdetako teknikarien parte-hartzeaekin batera, areto futbolaren inguruko proiektu ezberdinak harremanetan jartzen dituen mundu osoan zehar.
Jota Arregui eta Aitor Andresekin batera, Vanessa Ortego arituko da lehen taldean lanean. Entrenatzaile pertsonala eta jarduera fisikoen egokitzapenekoa, talde teknikoaren parte izango da, jokalariaren banakako hobekuntzaren arloaz arduratuz. Ortegok esperientzia handia du areto futboleko jokalari gisa (1988/2009). 21 urte horietan Euskadiko eta Espainiako txapelketetan aritzeaz gain, Arabako eta Euskadiko emakumezkoen selekzioen pieza garrantzitsua izatera ere iritsi da. Beste proiektu batzuetan batera lan egin ondoren, Arreguik konfiantza osoa du beregan.
Jota Arregui entrenatzaileak klubeko kirol-zuzendaritzaren babesa du dagoeneko, eta Juananek honela definitzen du egindako apustua: “Lauburuk, ahal duen neurrian, inguruko teknikaririk kualifikatuenen alde egin behar du proiektua gidatu ahal izateko. Hasiera-hasieratik argi izan nuen horrek horrela behar zuela. Izan ere, entrenatzailea naizen aldetik, zehatz-mehatz ezagutzen dut itsasontziko kapitainak gure kirolean duen garrantzia. Erantzukizunari heldu nionetik, apustuak norabide horretan joan dira eta hala erakutsi dute Aitor Arévalok, Mikel Diestok eta Alfredo Hualdek”.
Teknikarien kontratazioari dagokionez, Gipuzkoako kluben eta, oro har, Euskal kluben aspektu zailenetako bat da; txikia baita federazioak eskatutako maila duten pertsona tituludunen kopurua. Hala ere, klub moreak kategoriak eskatzen duen eta beharrezko tituluak dituzten 3 teknikari ditu. Horietako bakoitzak funtzio ezberdinak betetzen dituzte klubeko egituran. Horri guztiari eta beste entrenatzaile batzuen presentziari esker, Lauburuk egun duen nibela lortu du, Eskolatik hasita lehen taldera iritsi arte.
Horrela, Jotarekin batera, koronabirusak eragindako ziurgabetasunak markatutako kirol ziklo berri bat irekitzen da. Kluba goranzko bidea egiten hasia zen, bere egituran funtsezko zutabeak sendotuz. Esaterako, Marketing eta Komunikazio arloa garatzeko bere lehen langilea kontratatu zuen. Hala ere, datorren krisi ekonomikoa dela eta, arriskuak minimizatu beharko dira; bere irismena eta ondorioak aztertu arte.
Zuhurtzia horren lehen ondorioetako bat, jokalari batzuen joatea izango da. Javi Saldise eta Oihan Carlosena taldez aldatuko dira hurrengo denboraldian, klubak eskain zitzakeenak baino hobeak diren Nafarroako Tafatrans-en eskaintzak onartuz. Ondorioz, kluba, teknikariarekin batera, jokalari berriak gehitzeko lanetan hasi da jada. Era berean, oinarritik apustu handia izan diren Alvaro eta Boli lehen taldearen parte izango dira. Gainontzeko jokalariek euren jarraipena baieztatu dute eta, horiez gain, beste bi inkorporazio posible aztertzen ari dira (betiere entrenatzaile berriak zuzendaritza teknikoarekin marraztu dituen profilak aurkitzen badira).
Mister ibartar berriak hurrengoa adierazi nahi izan zuen erakunde morearekin lortutako akordioaren ostean: “Pozarren nago kantxetara itzultzeagatik. Hiru urteko atsedenaldiaren ondoren, une egokian iristen da aukera hau. Urte hauetan esperientzia eta prestakuntza berriez gozatu badut ere, gorputzak “martxa” eskatzen zuen jada. Zorionekoa sentitzen naiz, ez baita erraza Laubururena bezain zorrotza den aulki batean sarbidea lortzea. Jakin badakit Aitorrek, Mikelek eta, batez ere, Alfredok ereindako fruitu asko jasoko ditudala. Aldez aurretik, errespetua eta esker ona guztiei. Kirol-zuzendaritzaren itxaropenen mailan egotea eta klubaren eta jokalarien hazkundean ahalik eta gehien lagundu ahal izatea espero dut. Une gogor hauen aurrean, animo mezu bat bidali nahi diet Ibarrako zaleen familia osatzen duten guzti haiei. Kantxetara itzultzeko garaia iritsiko da eta bertan elkartuko gara. Animo!!”