Larunbat honetan gure taldea Iruñera joango da bigarren fase honetako zazpigarren eta azken-aurreko jardunaldia jokatzera. Bertan, AD San Juan FS taldearen aurka arituko da, arratsaldeko 16:00etan. Jotak zuzentzen dituenak etxean irabaztetik datoz eta, gure entrenatzaileak dioenez, “urteko bertsiorik onenetakoa” erakutsi zuten bertan. Bestalde, Iker Tororen mutilek ezin izan zuten aurreko asteko neurketa jokatu. Otxartaberen aurka lehiatu behar zuten, baina azken honen plantillan COVID-19ak eragindako kasu positiboen ondorioz, atzeratu egin behar izan zuten norgehiagoka. Hori kontuan hartuta, Otxartabek atzeratu egin behar izan du larunbat honetan Tafatransen aurka jokatu behar zuena ere. Ondorioz, final garrantzitsua da aste honetakoa moreentzat.
Bi duelu, bi final eta beharrezko bi garaipen
Ibartarrek gaur itxiko dute asteko entrenamendu saioa eta, dena aurreikusi bezala joanez gero, Alvaro izan ezik (bere lesioarekin jarraitzen du), guztiak sartuko dira deialdian eta ez da jubenil taldeko jokalaririk deituko.
Horrela, ideiak oso argi edukita iritsiko dira ibartarrak hara. Gure taldeak irabazten badu, San Juan kanpoan utzita, 27ra arte itxaron beharko genuke bigarren postu hori lortzeko aukera baieztatzeko; izan ere, Otxartabek 22an San Juanen aurka jokatuko du eta 27an Tafallaren aurka. Iruñekoak garaitzea ezinezkoa balitz, ordea, oso zaila izango litzateke helburu hori lortzea. Beraz, bidean, bi duelu, bi final eta funtsezko bi garaipen geratzen dira. “Aukerekin iritsi gara honaino eta, azkenean, hori da helburua”, esan du Jotak.
Indar handia bi aldeetan
Azkenik, aipatutako guztiari taldeek elkar ondo eta asko ezagutzen dutela gehitzen badiozu, biek dena emango dute igoerako Play Off horretan beren lekutxoa egiteko. Horrela, partida oso parekatua espero da indarrei dagokienez. Joaneko norgehiagokan, 3 eta 3-ko emaitzarekin, alternatibaz beteriko jokoa bizi genuen. Horren aurrean, “datorrenari aurre egiteko gogoz” sentitzen direla adierazi du Arreguik.
GOAZEN LAUBURU!!!!