Gure taldeak Kukuiaga Etxebarri talde bizkaitarraren aurka jokatu zuen larunbatean Ligako 12. jardunaldiko partidan. Dinamika onari eusteko gogoz, Etxebarritik 3 puntuak etxera ekartzeko asmoz bidaiatu zuten Jotak zuzendutako mutilek. 

Ibartarrak matematikoki bigarren faserako sailkatu badira ere, batzea funtsezkoa da oraindik; izan ere, lehen fasean lortutako puntuak bigarrenerako balioko dute, azpitalde bakoitzeko lehen lau taldeek osatuko duten sailkapen berri hori ordenatuz.

Talde morearen hasiera ona

Zumeta, Iñigo, Antxon, Juaristi eta Peña izan ziren hasierako bostekoa. Lehen hurbilketa arriskutsuak gure taldeak egin zituen. Lehena, Antxonek, punterian asmatzea falta izan bazitzaion ere. Gero, Iñigok, zutoina ukituz hegaletik egindako jaurtiketa on baten ondoren. Gainera, etxekoen defentsa baxuak baloiaren jabetza mantentzera eraman gintuen.

3 gol 3 minututan

Horrela, lehen zatiko lehen 5 minutuak pasata, Zumetak arratsaldeko lehen gola sartu eta bere taldea aurretik jarri zuen (0-1). Minutu bat geroago, Raidek Andonik egindako lapurreta bikaina amaitzea lortzen zuen (0-2). Ondoren, atsedenaldira heltzeko 12:44 falta zirenean, Iruñekoak beste bat igotzen zuen, aldeak are gehiago handituz (0-3). Horren ostean, eta lehen zatia amaitzeko 5 minutu falta zirela, aurkariak bere bosgarren falta egin zuen. Abantaila horrek jokoan mesede egin eta intentsitatean borroka irabazteko balio izan zigun. Baina, garrantzizko beste aldaketarik gabe, 0 eta 3-koarekin iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatian distantziak handituz

Zumetak, Danik, Iñigok, Antxonek eta Jorgek eman zioten hasiera bigarren zatiari. Beste behin, talde moreak ezin izan zuen hobeto hasi. Baloia jokoan jarri eta minutu gutxira, Zumetak pilota aurkariaren area barruan jaso eta atezaina gainditu zuen bere bigarren gola sartuz, arratsaldeko laugarrena (0-4).

Hortik aurrera, Kukuiagak erasoan metro batzuk aurreratu bazituen ere, segituan gure jokalariekin egiten zuen topo. Hala ere, azkenean, amaierarako 10:41-ren faltan, bizkaitarrek beren lehen gola sartu eta markagailuan 1 eta 4-koa jartzea lortu zuten. Horrek adorea irabazteko eta talkaren norabidea aldatzeko itxaropena izateko balio izan zien. Gainera, orain geuk igo genuen bosgarren falta. Dena den, Zumetak berriro bizkarra ondo landu eta, behar genuen unean, erabakita utzi zuen partida (1-5).

Bosgarren goletik aurrera bi taldeak behin baino gehiagotan saiatu ziren arren, markagailuak ez zuen mugitu nahi izan eta, beraz, ibartarren seigarren garaipena adierazten zuen txistua entzun genuen.

Partidaren amaieran, Jotak honakoa adierazi zuen: “Lehen minutuak oso garrantzitsuak izan dira. Oro har, oso partida konpletoa izan da”. Era berean, etxetik kanpo ere irabaztea garrantzitsua dela gaineratu zuen entrenatzaile gasteiztarrak eta “oso pozik” dagoela bi faseko bataila honetan batzen jarraitzeagatik. 

Beraz, lehen fase hau amaitzeko bi jardunaldi besterik falta ez direnean, gure taldeak joko ona mantentzen du, sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko aukera eutsiz. Datorren asteari dagokionez, Gora Grupo Ironen aurkako partida irabaztetik datorren Laskorainen bisita jasoko dugu etxean. Gainera, gogora dezagun Tolosaldeko bi taldeen arteko lehen neurketa berdinketarekin amaitu zela. Hortaz, larunbateko derbia oso lehiatua izango dela aurreikusten da.

GOAZEN LAUBURU!!!!