Datorren larunbatean 18:30ean, Lauburuk Patatas Gómez AD Sala 2012 talde aragoiarra izango du aurrean Belabietan.
Zeruertzean beste aukera berri bat sortu zaio talde moreari eta berebiziko garrantzia duten hiru puntuak lortzeko parada izango du laugarren jardunaldi honetan. Bi berdinketa jarraian egin ostean, Alfredo Hualderen mutilak ahalik eta gehien saiatu beharko dira puntuak etxeko bidean jartzeko. Azken norgehiagoketan golaren aurrean erakutsi duten abilezia faltari irtenbidea bilatzea determinantea izango da goiko postuetatik ez urruntzeko. Gainera, Iruñean San Juanen kontra jokatu beharko duen Errege Koparen aurreko fasearen bezperatan gaudenez, larunbatean irabazteak hitzordura sentsazio onekin iristea ahalbidetuko luke.
Horretarako Lauburuk bere indar guztia atera eta bertsiorik onena zukutu beharko du; aurredenboraldi guztian zehar erakutsitako bera, hain zuzen, eta Belabietan jokatzen dutenean berezko lehiakortasuna eta izpiritu irabazlea atera.
Aurrean Patatas Gómez AD Sala 2012 izango dute. Talde trinkoa eta kalitate handiko jendez osatua. Nahiz eta denboraldiaren lehenengo fase honetako emaitzek onurarik ez dien eman, pistan egiten ari dena ez da taulan agertzen denaren isla. Norgehiagokak azken unera arte lehiatzen ditu beti, eta horren adibide da, iazko denboraldian bi taldeak jokatu zuten norgehiagoka. 5-0ko kontrako emaitza zutela markagailuan, talde morea urduri jartzea lortu zuten 5-4eko emaitzara iritsiz eta berdinketa egiteko zorian egonez.
Asteburu honetan ere, Alfredok lantalde ia osoa izango du eskura. Dani edo Zumeta bezala, ukituta dauden jokalariak egonda ere, larunbatean bertan izango direla dirudi %100 emanez. Zalantza bakarra Juaristi izango da; beste jokalariekin batera entrenatzen hasi da-eta, dagoeneko. Entrenatzaileak honela zioen: “Aste guztian lan ona egin dugu eta berme horrekin egiten diogu aurre larunbateko norgehiagokari, edozein talde aragoiarren kontra garaipena lortzeak duen zailtasunaz jakitun izanda gainera. Ondo landutako taldeak dira, oso jende lehiakorra eta kalitate handikoa. Gu geu izango beharko gara, atearen aurrean abilezia hobetu eta 40 minutuetan zehar kontzentrazioa mantendu”.
Jardunaldi berri bat izango da Belabietan, partida zirraragarri berri bat areto futbol ona egiten duten bi talderen artean. Ohorezko mailak ere bertan jokatzen du aurretik, 16:00etan, beraz, egun bikaina izango da bi taldeak animatzeko eta asteazkenean jokatuko duten kopako partidurako azken bultzada emateko.
Ez ahaztu, larunbat arratsaldean, denok Belabietara
#AukeratuMoreeginLauburu #ZurekinGehiagoGara #GoazenMorez