Larunbat honetan gure taldea Belabietara itzuliko da, AD San Juan taldea izango duelarik aurkari arratsaldeko 18:30ean hasiko den norgehiagokan. Pasa den ostegunean Guadalajaran galdu ostean, Jotak zuzentzen duen taldeak “sentsazioak berreskuratu” nahi ditu, partida guztiak ezberdinak direla eta erregistro ezberdinak menderatzen jakin behar dela kontuan hartuta.

Aurrez aurre, aurkari gogorra, eskarmentu handiko jokalari beteranoekin. Iruñekoak laugarren daude gaur egun, gure taldearen atzetik. Izan ere, beste azpitaldeko bigarren sailkatuak izan ziren, eta, beraz, puntu eta koefizienteen mailan oso egoera parekatuan egotea suposatzen du horrek. Zentzu horretan, gure entrenatzaileak azaldu duenez, horrelako partidak “beti dira oso lehiatuak”, betez ere, San Juaneko jokalariek “jokoa irakurtzen eta denborak menderatzen” dakitelako. “Lan handia egitea eskatzen duen taldea da aurkaria eta oso zaila da hura deseginda ikustea, mentalki beti egoten baita jarrera onean”, gaineratu du Jotak.

Gureei dagokienez, astea nahasi samarra izan da entrenamenduei dagokienez. Horretan eragina izan du, besteak beste, Ohorezko Jubenil Mailan egondako positiboak, Bolik Gijonera bidaiatu baitzuen haiekin eta, ondorioz, konfinatu egin behar izan du. Horrela, ibartarrek ez dute ohiko lan dinamika eduki, normalean egonkortasun handiagoa izaten baitute. Gaur, osteguna, azken entrenamendu saioa burutuko dute eta, Boli eta Alvaro izan ezik (lehenengoa, azaldutako arrazoiagatik eta, bigarrena, jakin badakigulako ez duela jokatuko denboraldi guztian bere lesioagatik) beste guztiak deitu ditu Arreguik larunbaterako.

Beraz, asteburukoa norgehiagoka gogorra izango da bai maila fisikoan eta baita maila mentalean ere. Lauburu eta San Juan borrokan ari dira Play Off-ean sartzeko eta, zalantzarik gabe, egoerak eskatzen duen maila mantentzen jakingo dute etxekoek zein bisitariek. Bi taldeak urteak daramatzate maila eta kopa eremua menderatzen eta ziur ikuskizun ona eskainiko dutela 2B mailako klasikotzat har daitekeen honetan.

Azkenik, gogoratu, beti bezala, partida zuzenean jarraitzeko aukera izango duzuela gure YouTubeko kontu ofizialean (Lauburu K.E Komunikazioa) eta Twitterren (@LAUBURUKEIBARRA). Zuen zain egongo gara!

GOAZEN LAUBURU!!!!