Larunbat honetan, 18:30ean, gure taldeak Laskorainen aurka jokatuko du Belabietan, intentsitatez, urduritasunez eta garaipena lortzeko gogo biziz iritsiko den derbi batean.

Aurkaria dinamika on batetik dator

Lehen fasea bukatzeko bi jardunaldi falta direnean, tolosarrek 8 puntu dituzte guztira. 11 partidetatik 2 irabazi dituzte, beste 2 berdindu eta 7 galdu. Horri dagokionez, nabarmentzekoa da pilatutako puntuetatik 1 moreen aurkako lehen partidan lortu zutela; azken 11 segundoetan dena erabaki zuen penalti bikoitz baten ondoren.

Gainera, dinamika on batetik datoz gure bizilagunak. Duela bi aste Bilbon Otxartaberen aurka 1-0 galdu eta Gora Grupo Ironi etxean 5-4 irabazita, Narciso Pavoren mutilak prest daude Ibarrakoei aurre egiteko. “Lehen jardunaldietan baino dinamika on eta indartsuago batetik datoz”, esan digu Jotak.

Gure taldea, etxean plenoa egiteko gogoz

Gure taldeari dagokionez, atseden falta nabari da. Hala ere, Alvaro eta Juaristi izan ezik, beren lesioekin jarraitzen baitute, gainerako guztiak deitu ditu gure entrenatzaileak. 

Taldearen ilusioa, nabaria da. Garaipena lortuz gero, lehen fase honetan plenoa egingo lukete Belabietan. “Polita litzateke etxean jokatutako neurketa guztietan garaipena lortzea”, dio Arregik.

Era berean, Antxonek gure kapitainak adierazi bezala, derbia “beti da berezia” eta, hori, horrelako talkek suposatzen duten intentsitatean nabaritzen da. Dena den, partida “taktikoki, gainerakoen antzera” planteatu dutela azaldu du nafarrak. Andoni Agirrezbalak ere gaineratu du Laskorainen aurkako derbiak “beste era batera” bizitzen diren partidak direla, are gehiago bere kasuan, ibartarra izanda. Halaber, euren lana ondo egiten badute, “3 puntuak lortzeko aukera asko” dituztela azpimarratu du.

Neurketa zuzenean jarraitzeko aukera

Horrela, eta, batez ere, joaneko partida oso lehiatua izan zela kontuan hartuta, bihar antzeko zerbait bizitzea espero da. Ziur tolosarrak oso joko berdindua eraikitzen saiatuko direla etxekoen aurka.

Azkenik, gogoratu, beti bezala, partida streaming bidez jarraitu ahal izango duzuela YouTubeko gure kanaletik (lauburu K.E Komunikazioa) eta Twitterreko gure kontu ofizialetik (@LAUBURUKEIBARRA). Badakizue zuen animoak beti iristen zaizkigula eta horiek asko eskertzen ditugula. Antxonek aurreratu du dena emango dutela zuek gozatu ahal izateko. Beraz, ezin duzue galdu! Zuen zain egongo gara!

GOAZEN LAUBURU!!!!