Lauburu Mahala Ibarrak larunbatean 10:30ean jokatuko du bere aurre-denboraldiko hirugarren norgehiagoka; Iruñean izango da, AD San Juan – Donibane KE taldearen kontra. Aitor Arevaloren mutilak Ibarran jokatu zuten orain bi aste talde honen aurka, eta 0-6 galdu zuten. Nafarrek hobeak izan ziren eta markagailua bien artean dagoen tartearen isla izan zen. Talde nafarrak erregistro bikainak burutu ditu aurre-denboraldian, Iruñean bertan, Ribera de Navarra taldearen kontra egindako neurketan lortutako 13-1eko emaitza azpimarratzekoa izan zelarik. Erregistro hauek ikusita, kategoriako talde asko aztoratu dira, denboraldi honetan titulua lortzeko hautagai moduan ikusi dute-eta.
Entrenatzaileak honela zioen: “Egunez egun hobetzen ari gara, eraso zein defentsa kontzeptuek hobeto lantzen, baina izan nahi dugunetik urrun gaude oraindik. Larunbateko partidua lehiaketa-froga bat izango da eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko gara. Astebete barru Xotaren kontra jokatuko dugu ligako lehenengo norgehiagokan, eta larunbatean jokoan punturik ez badago ere, lehiaketa simulakro moduan hartu behar dugu partidua, 40 minutuz estu hartuko gaituen aurkaria delako. Pibot jokoarekin gu lehertzen saiatuko dira nafarrak eta bi aste hauetan nola eboluzionatu dugun erakutsi behar dugu. Etxetik kanpora jokatuko dugun lehenbiziko partidua izango da eta jokalarien izaera eta jarrera ikusi nahi ditut”.
#GoazenLauburuKEIbarra
#AukeratuMoreeginLauburu