Larunbat honetan, arratsaldeko 18:00etan, Laskoraingo bizilagunen aurka jokatuko du gure taldeak ligako seigarren jardunaldiari dagokion derbian. Tolosarrak bi partida jokatzetik datoz eta, beraz, praktika gehiago dute. Arreguik zuzentzen dituenei dagokienez, denboraldiko bigarren partida izango dute larunbatekoa eta lehenengoa, berriz, etxetik kanpo.

Laskorain talde ausarta da, bere DNArekin leiala. Hortik abiatuta, larunbateko partidak ez du zerikusirik izango aurreko astean Kukuiagaren aurka jokatu zenarekin. Laskorainek presio handiarekin defendatzen du eta joko hori da, hain zuzen, arazo gehien sortu dizkiena ibartarrei. Aurre denboraldian bi taldeen artean jokatu zen lagunartekoan ikusi ahal izan zen hori, Laskorainek 3 eta 1-eko emaitzarekin irabazten zuelarik Belabietan. 

Horren aurrean, astea “ilusio handiz” prestatzen ari direla azaldu du Gasteizko entrenatzaileak eta aurkariak “erronka polita” planteatzean duela. Era berean, norgehiagoka “Tolosaldeko areto futboleko jaia” izatea espero du, “bi taldeen maila lehiakorra erakutsiz”. Gure Kirol Zuzendaria den Juanan Rodriguezek ere topaketaren garrantzia azpimarratu zuen Ser Deportivos Gipuzkoan egindako elkarrizketan: “Tolosako bizilagunen aurka jokatu behar dugun partida oro beti da oso bizia eta lehiatua, bi erakundeen artean errespetu handia dagoelarik”. 

Horrela, gure jokalariak ahalik eta gehien prestatzen ari dira 3 puntuak etxera ekartzeko. Astez aste puntuak gehitzen joatea funtsezkoa da denboraldi berezi eta ezohiko honetako asmo handiko proiektuan konfiantza izaten jarraitzeko.

Azkenik, partidak Tolosaldean beti sortzen duen ikusmin handia kontuan hartuta, bi klubek zuzenean emango dute partida beren YouTubeko kanaletan, zaleek hain berezia duten ilusioarekin goza dezaten. Eskualdeko derbietan sortzen den giro ezin hobea gogorarazten eta sentiarazten saiatuko gara.

GOAZEN LAUBURU!!!!