Berdinketa Usabalen azken 11 segundoetan ihes egiten diguten 2 punturekin

Gure taldeak Laskorainen aurka jokatu zuen derbia atzoko egunean. Ikuslerik egongo ez bazen ere, jokatzeko gogotsu zeuden, bi taldeetako jokalariek modu berezian bizitzen baitute partida hau. 

Aldalur, Antxon, Iñigo, Andoni eta Endika hasierako bosteko bezala, minutu bakarra pasa eta Beñat Ugartemendiak pase txar bat aprobetxatu zuen baloia lapurtu eta markagailua estreinatzeko (1-0). Hortik aurrera, Arreguiren mutilak behin baino gehiagotan saiatu ziren berdinketa lortzen, defentsan presio altua egiten zutelarik. Azkenean, Andoni izan zen 11.minutuan markagailuan berdinketa hura jartzea lortzen zuena (1-1), indarrak irabazteko oso beharrezkoa zen gol batekin. Geroago, ez zen aukera faltagatik izan. Antxonek, Danik, Juaristik… zutoina behin baino gehiagotan ukitu zuten, baina berdinketarekin iritsi ginen atsedenaldira. Gainera, Raidek bere bigarren txartel horia jaso zuen aurkari bat eusteagatik eta, beraz, partidatik kanporatua izan zen lehen zatia bukatzeko 2 minuturen faltan. 

Aldageletatik itzuli eta 3 minutura Iñigok bigarrena igo eta gure taldea aurretik jartzen zuen (1-2). Minutu bat aurrerago, Zumetak aldea handitzen zuen hirugarrenarekin (1-3). Hala ere, ospatzeko ia denborarik gabe, Kattak bere taldea markagailuan hurbiltzea lortzen zuen (2-3), konfiantza izatetik urrun, oraindik joko asko gelditzen zela gogoraraziz. Nabarmentzekoa bigarren zatiko lehen minutu horietan gure jokalaria den Alvarok eginiko lana. 

Hortik aurrera, ez batzuek eta ez besteek ez zuten euren aukerak bukatzea lortzen. Urduritasun handiarekin, 5 faltekin jartzen ginen eta Laskorainek Mikel Juaristi atezain jokalari bezala ateratzen zuen, arriskua eta tentsioa areagotuz. Bosgarrenarekin eta amaierarako 11 segundoren faltan, kosta ahala kosta saihestu nahi zena etorri zen, eta epaileak Iñigoren ekintza bati falta pitatzea erabaki zuen. Horrela, Kattak penalti bikoitza jaurti eta tolosarrak behin betiko 3 eta 3-koa jarri zuen markagailuan.

Partida oso lehiatua eta sufritua azken minutura arte. Horren aurrean, 1 eta 3-ko emaitzarekin egon ostean, azken minutuetako kudeaketa ez zela zuzena izan adierazi du Gasteizko entrenatzaileak. Arreguiren esanetan, “lehen zatian konexioa izatea” kostatu zen eta, bigarrenean taldea sendoago egon zen arren, “antsietate eta nahasmen minutuak” egon ziren. Halaber, norgehiagokak “abantailak non dauden eta non ez” jakiteko balio duela gaineratu du. Azkenik, Usabalen jasotako tratu ona eskertu nahi izan du, lehiaketa hau gure bizilagunekin partekatu ahal izateagatik pozik sentitzen dela adieraziz. GOAZEN LAUBURU!!!!