Euskadiko Futbol Federazioak ofizialki jakinarazi dio klubari Ohorezko Jubenil Mailako eta Jubenilen Liga Nazionaleko lehiaketek Eusko Jaurlaritzaren baimena izango dutela taldean entrenatzeko, pertsona kopuruan mugarik izan gabe. Horrela, Lauburu Ibarra Mahala taldea, aurten ere Aitor Arevalok zuzendua, pistetara itzuli da bere asteroko saioekin martxan jartzeko.

Taldeak bere entrenamenduak Belabietan hasi bazituen ere, ez zen lehiatzera iritsi, ezarritako osasun murrizketek egun batetik bestera gelditzera behartu baitzituzten. Aimar Zubillaga taldeko lehen kapitainak azaldu duenez, geldialdia “oso luzea izan da guztientzat”. Hala ere, banakako entrenamendu fisikoak egin dituztela eta horrek sasoia mantentzeko eta “pistara ahalik eta baldintza onenetan itzultzeko” balio izan diela gaineratu du. Aimarrek bezala, Arevalok ere egoerari aurre egitea ez dela erraza izan komentatu digu, baina jokalariek “konpromisoa” erakutsi dutela.

Era berean, aurretik datozen asteei dagokienez, horien plangintza nolakoa izango den ezin duela ziurtatu adierazi du entrenatzaileak; izan ere, baliteke Gabonetan jardunaldiren bat berreskuratu behar izatea. “Entrenatzen hasiko gara eta ikusiko dugu Olentzerok zein opari ekartzen dizkigun”, esan digu. Era berean, Zubillagak ilusio mezua bidali nahi izan du, talde bezala hobetzen jarraitzeko gogoa azpimarratuz.

GOAZEN LAUBURU!!!!