Larunbat honetan, arratsaldeko 18:30etan, Jotaren taldeak Castro Urdiales C.F.S izango du aurkari Belabietan, ligako bigarren jardunaldiari dagokion partidan. Topaketa hau azaroaren 7an jokatu behar izan bazen ere, autonomia-erkidegoen arteko mugikortasun-murrizketek ez zieten uzten gure 4 jokalari nafarrei foru-erkidegotik ateratzen. Ondorioz, klubak atzerapena eskatu zuen eta eskaera ofizialki onartu zuten.

Horrela, Castroko taldearen bisita jasotzeko gogo biziz sentitzen dira ibartarrak. Gure jokalariak asteko plangintza gogor bat betetzen ari dira, ia atsedenik gabe. Helburua atzeratutako jardunaldi bakoitzari behar den intentsitatearekin aurre egitea da. Horri dagokionez, “nekea” nabaritzen dutela adierazi du Arreguik, baina taldea “zentratuta” dagoela. Norgehiagoka berdinduta egongo dela jakinik, Otxartaberen aurkako partidako lehen zatian egindako akats berak ez egitea espero duela gaineratu du, neurketa “egonkorragoa” izan dadin. Horrez gain, etxean lana ondo egiteko “autopresioa” dutela azpimarratu du, kanpoan jokatu behar denerako prest egoteko. Andoni eta Endika izan ezik (biek molestiekin jarraitzen baitute), beste jokalari guztiak jokatzeko prest egongo dira. Gainera, beste behin, entrenatzaile gasteiztarrak Ohorezko Jubenil Mailako Iker Sanchezen laguntza izatea erabaki du.

Aurkariari dagokionez, 2B mailan zein Zilarrezko Mailan urte askoz parte hartu ondoren, areto-futboleko kultura handia lortu du eta aurtengo plantilla oso ondo landua dago. Castrokoak 6 partida jokatzetik datoz denboraldia hasi zenetik eta, Lauburuk bezala, 7 puntu dituzte guztira. Egun, 2 partida irabazi, 1 berdindu eta beste 3ak galduta, sailkapeneko 7. postuan daude. Beren webgunean biharko partida iragartzean, Belabieta “kategoriako kantxa zailenetako bat” dela adierazi dute.

Horrekin guztiarekin, 3 puntuak etxean gera daitezen borrokatzeko prest agertuko dira gure jokalariak. Azkenik, partida streaming bidez gure YouTubeko kanalean (Lauburu K.E Komunikazioa) jarraitu ahal izango dela gogorarazi nahi dugu. Oraingo honetan, Aitzol Oiarbide eta Juanan Rodriguez izango dira neurketaren zirrara sentiaraziko dizuetenak. Zein hobe horiek baino partidaren ekintza bakoitza xehetasun guztiekin emateko. Gainera, biharko norgehiagoka berezia izango da gure kirol zuzendariarentzat; izan ere, bertan Zilarrezko Mailan entrenatu zuen bi denboralditan zehar. Beraz, ziur etapa hartako bitxikeriaren bat kontatuko digula.

ZUEN ZAIN EGONGO GARA! GOAZEN LAUBURU!!!!