Lauburuk Castro Urdiales C.F.S-ren bisita jaso zuen atzo Belabietan. Talde aurkaria orekatua eta oso ondo landutakoa izanik, partida gogorra espero zen. Dena den, gure jokalariak oso eroso hasi ziren pistan eta hori nabaria zen baloia menderatzerakoan. Hala ere, aurkariaren eskakizun fisikoa nabarmena zen eta, lehen minutuetan, jokoa berdinduta egon zen.

Horrela, lehen 5 minutuak igaro arte ez zen lortu lehen gola elektronikora igotzea. Iñigok baloia Alvarori hegalean pasa eta honek atzera begiratzen zuen Juaristiren bila pista erdian. Tolosarrak ez zuen dardara egin eta markagailua estreinatu zuen jaurtiketa bikain batekin (1-0). Horren ondoren, castrokoak gehiago estutzen hasi ziren defentsan. Hala ere, Jotaren mutilek konfiantza mantentzen zuten eta oraindik 7.minutuan ginela, Danik paraleloan Iñigori baloia pasa eta honek Alvarori izugarrizko asistentzia egiten zion, aurkariaren area erdian. Alvarok ez zuen aukera galdu eta baloia sare barrura bidali zuen (2-0). Hala ere, faltak ondo ez kudeatzeak eta 9 minuturen faltan bosgarrena igotzeak, gure taldea pixka bat desagertzea eragin zuen; markagailuan abantaila horrekin iritsi ahal izateko defentsan atzean sartuz. Minutu luzeak izan ziren, baina, azkenean, 2 eta 0-ekoarekin iritsi ginen atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, jokoa ez zen asko aldatu eta 2 minutu bakarrik behar izan zituen Juaristik gola sartzeko (3-0). Tolosarrak, aurreko astean Otxartaberen aurkako partidan beste hiru gol sartu zituenak, Iñigoren kalitatezko barneko pasea jaso zuen. Benetan aipagarria Ultzamakoaren asistentzia, atezainaren aurrean Juaristi bakarrik utziz. Era berean, bigarren zati honetako 7. minutuan iritsi zen aurkariaren aukera eta David Ruizek Castroren lehen gola igotzen zuen (3-1). Ibarrakoen erreakzioak minutu bat baino ez zuen behar izan eta Danik Raiden baloia bigarren zutoinean jaso eta Ibarrakoentzat laugarrena izango zena sartzea lortzen zuen (4-1), gure jokalari nafarrak protagonista izanik gauzatutako presio kolektiboko irteera batean.

Hortik aurrera, azken txistua entzuteko gutxi falta zen jada eta Alex Sobak 5-eko jokoa aukeratu zuen. Dena den, urduritasunak jokalari aurkari bat kanporatzea eragin zuen eta horrek min handia egin zien, momentuak eskatzen zuen kontzentrazioa zailduz. Horrekin partidaren bukaerara iristen ginen Belabietan. Norgehiagokaren amaieran, “sailkatze egoera ezin hobea uzten duen partida garrantzitsu” gisa definitu zuen Jotak neurketa. Gure entrenatzaileak gaineratu zuenez, “landutako partida” izan zen atzokoa. 

Azkenik, azken segundoetan Iker Sanchezek debuta egin izanak klubarentzat dakarren poza azpimarratu nahi dugu. Ohorezko Jubenil Mailako jokalari gaztea konpromiso handia erakusten ari da eta, pixkanaka, merezitako lekua lortzen ari da 2B mailan.

Horrela, erronka berriei oso sentsazio onekin egiten diegu aurre. Hau da bidea eta egunero hazten jarraitzeko borrokan jarraituko dugu. Hurrengo geldialdia, beste behin, Belabietan. Gure mutilek Zierbena taldea jasoko dute hurrengo larunbatean 18:30ean, ligako 3.jardunaldiari dagokion partidan. Aurten,  Gabonetako oporrek itxaron egin beharko dute talde ibartarrarentzat. 

GOAZEN LAUBURU!!!!