Porrota gogorra kontran genuen 6 eta 2-ko emaitza bati buelta eman ostean

Sailkapeneko hirugarren eta laugarren postuak lortzeko borrokan, gure lehen taldeak Burgosera bidaiatu du gaur Juventud del Círculo Católico taldearen aurka jokatzeko. Aurkaria partida bat gehiago jokatzetik badator ere, bi taldeek 10 puntu pilatu dituzte orain arte; beraz, oso antzeko egoeran daude bata bestearekiko. 

Norgehiagokaren berezitasunaz jakitun, partida “oso garrantzitsua” izango zela aurreratu zuen Jotak, eta zaila izango zela aurkariaren pistan jokatzea. Hala ere, ibartarrak nagusi izan dira lehen minutuetan. Kalitate handiko akzioek eta intentsitate handiko defentsak markatu dute partidaren erritmoa. Gainera, lehen zazpi minutuak igaro eta Iñigok markagailua estreinatu du atezainaren aurrean bakarrik zegoela aprobetxatuz (0-1). Horrela, gure taldea ondo finkatuta egon da eta atsedenaldirako 5:25 falta zirenean, nafarra berriro iritsi da eskuadra guztitik 0 eta 2-koa jartzeko.

Handik gutxira, partidaren norabidea aldatuko zuen hutsartea eskatu dute etxekoek. Horrela, partidaren erdialdera iristeko 4:44 minutu soilik falta zirenean, markagailuan hurbiltzeko balio izan dien lehenengoa (1-2) igo dute. Bi minutu geroago, beste bi (3-2) entxufatu dituzte, bien artean minutu bateko tartea bakarrik egon delarik. Beste bat ere iritsi da atsedenaldira joateko 40 segundora (4-2), ibartarrek 5 falta egiten zituztelarik. Horrekin iritsi gara atsedenaldira, emaitzak izandako aldaketa barneratzeko ia denbora gabe. 

Aldageletatik itzuli ostean, Burgosko taldeak 5 eta 2-koa jarri du gure defentsako akats bat ondo aprobetxatuz. Hortik aurrera, talde moreak ondo eutsi du eta aukera politak sortu ditu, baina hain beharrezkoak ziren golak ez dute iritsi nahi izan. Are gehiago, amaierarako 10 minutu falta zirenean, aurkariak ateko sakean egindako akatsari etekina atera eta 6 eta 2-koa jarri du.

Juaristik oharkabean eskuarekin baloia ikutu, Iñigok beste falta bat egin… bazirudien ezer gutxi aldatuko zela. Hala eta guztiz ere, Jotak 5-eko jokoaren aldeko apustua egitea erabaki du amaierarako 5 minuturen faltan. Erabakia hartu eta bi minutu besterik ez ditugu behar izan Raiden eskutik gol bat sartzeko, talde guztiak burututako jokaldia bukatuz (6-3). Ondoren, Raul Zamorak zuzentzen duen taldeak bere laugarren falta igo du eta gu distantziak murrizteko zorian egon gara. Dena den, atezainak hiru aldiz jarraian lortu du baloia kanpora bidaltzea.

Hala ere, gogotsu zegoen gure taldea eta Iñigok beste gol bat igo du amaierarako 2:56 falta zirenean (6-4). Horri esker, berdinketa lortzetik oso gertu egon gara eta gure jokalariek dena eman dute; presio handia eginez eta aurkariari gauzak asko zailduz. Orduan iritsi da beste behin Raid, azken minutuetan nabarmendu den gure taldeko jokalaria, eta 6 eta 5-ekoa jarri du azken txistua entzuteko 1:57 minuturen faltan. 

Emaitza horrekin amore eman ez badugu ere, Burgosko atezainak, igande goiz honetan protagonista izan denak, gure atea une horretan hutsik zegoela ondo ikusi eta azken gola sartu du bere atetik; neurketa erabakita uzten zuelarik.

Gure taldearen azken minutuak oso onak izan dira, itxaropena galdu gabe. Partida amaitzean, atsedenaldira 4 eta 2-ko emaitza batekin joatea “defentsako akats larriek” eragin dutela adierazi du Jotak eta, horren ostean, “Irauli beharreko dinamikak” “presa handiagoa” izatea ekarri duela. Halaber, “horietako zenbait dinamika premiaz aldatu” behar direla azpimarratu nahi izan du gure entrenatzaileak; liga oso laburra baita eta ezin baitira joan den asteko akats berdinak errepikatu. Era berean, pozik agertu da taldeak 5-eko jokoa erabili eta erasoan arriskutsua izan daitekeela erakutsi duelako. Azkenik, Burgosen puntu bat lortzea oso ona izango zela gainera du eta taldea ez dagoela oso pozik, gaurko emaitzagatik baino gehiago, “joan den asteko akats berak egin izanagatik”. 

Datorren asteari dagokionez, Gora Grupo Iron talde bilbotarra hartuko dugu bigarren itzuliko lehen partidan. Txipa aldatu eta aurrera begiratzea bakarrik falta zaigu, garaipena lortu daitekeela erakutsiz eta gure koloreak defendatuz. GOAZEN LAUBURU!!!!

JOKALARI-ZERRENDA

Lauburu K.E Ibarra: Endika (a), Jorge (a), Peña (a), Antxon (j), Boli (j), Álvaro (j), Dani (j), Raid (j), Juaristi (j), Iñigo (j), Andoni (j)

CD Juventud del Círculo Católico: Alejandro (j), Rodrigo (j), Fabio Alexander (a), Fernando (j), Guillermo (j), Israel (j), Iván (j), Javier (a), Jesús Alejandro (j), Juan Tomás (j), Miguel (j), Oliver (j), Pablo (j), Samuel (j), Javier Poves (j)