Larunbat honetan etxetik kanpo jokatuko du berriro gure taldeak eta Auzoak de Zierbena C.F.S izango du aurkari 17:30ean hasiko den neurketan. Maila honetako pistarik zailenetako bat den arren, Jotak zuzendutokoek etxetik kanpoko partiden sorginkeriarekin amaitu dute dagoeneko, eta berriro irabazi nahi dute sailkapenean duten postu onari eusteko.

Aurkari zuzena

Egun 9 puntu dituzte bizkaitarrek eta taulako bosgarren postuan daude. Gure taldeak jokatutako 8 partiden aurrean, hauek 6 partida baino ez dituzte jokatu, 3 irabaziz eta beste horrenbeste galduz. Horrela, 3 puntu batzea bilatuko dute postuak igo eta sailkapeneko lehenengoen artean leku bat egiteko. Izan ere, COVID19-aren ondorioz aste batzuetako geldialdia izan duten arren, “motibazio handiz” itzuliko dira lehiara, goian mantentzeko puntuak lortzeko. Hala adierazi dute euren sareetan. 

Gure taldeari dagokionez, aste honetan ez du ez asteartean ez asteazkenean entrenatu. Deskarga-astea izan da, molestia eta gainkarga asko egon baitira eta egoera konpentsatu eta mindutako jokalariak berreskuratu beharra zegoen. Bere aldetik, Alvaro ez da errekuperatu eta, taldearekin entrenatzen ari ez den arren, lan indibidual espezifikoa egiten ari da. Hortaz, azken hau izan ezik, beste jokalari guztiak deituta egongo dira biharko.

Erakusteko gogo handia eta 6 puntu jokoan

Erakusteko gogotsu sentitzen dira Ibartarrak eta, Jotak azaldu duenez, “konfiantza irabazi dute eta, joko mailan, bere emaitzak eman ditu egindako lanak”. Are gehiago, atzoko saioa oso osoa izan zela esan digu gure entrenatzaileak eta Zierbenatik “zerbait positiboa” ekarrita itzultzeko asmoa dutela. “Egoera zailak bizi ditugu eta orain txapelketako une garrantzitsuak datoz”, esan du Arregik.

Horrela, gogotsu aritzeko asmo argiarekin bidaiatuko du bihar gure taldeak. Gainera, datorren astean aurkari beraren aurka jokatu beharko dute, bere garaian bertan behera geratu baitzen biek Belabietan jokatu behar zuten hirugarren jardunaldiari dagokion partida. Beraz, 6 puntu garrantzitsu egongo dira jokoan. 

Azkenik, gogoratu, beti bezala, partidaren xehetasun guztiak jarraitu ahal izango dituzuela Twitterreko gure kontu ofizialetik (@LAUBURUKEIBARRA). Halaber, norgehiagoka streaming bidez ematen saiatuko da Zierbena bere YouTubeko kanaletik. Zuen animoak beti iristen zaizkigu eta izugarri eskertzen ditugu. Beste behin, zuen zain egongo gara!

GOAZEN LAUBURU!!!!