Igandean, Lauburu Ibarra Mahalak Samanora (Castro) bidaiatuko du C.D Apoyo Solidario taldearen aurka jokatzeko (aurreko denboraldietan Portus Amanus bezala ezagutua). Neurketa goizeko 11:00etan hasiko da eta ibartarrak oso serio aritu beharko dira orain arte bezala 3 puntuak osorik gehitu eta merezitako lidergoari eusteko.

Egun, sailkapeneko 3.postuan dago aurkaria, Arevalok zuzentzen duen taldea baino 6 puntu beherago. Kantabriarrek partida bat gehiago jokatu duten arren, puntuen arteko aldea oso txikia da. Gainera, jokatutako 7 partidetatik 3 bakarrik galdu dituztela kontuan hartuta, igandeko norgehiagoka erronka bat bezala planteatzen da talde morearentzat.

Horri dagokionez, Apoyo Solidariok “plantilla laburra baina talentu indibidual dezentea” duela adierazi du gure entrenatzaileak. Halaber, bertako bi jokalari nabarmendu ditu: Kepa eta Gabriel. Bere esanetan, gol-ahalmen handiko bi jokalari dira, bien artean sartu dituzten 20 golek erakusten duten bezala. Are gehiago, Aitorrek azpimarratu duenez, oro har, “bertikaltasun handiko taldea” da aurkaria eta, beraz, “defentsan seriotasunez aritzea beharrezkoa” izango da.

Horrela, lan gogorra eginez, bi taldeek dena eman beharko dute partidako 40 minutuetan zehar. GOAZEN LAUBURU!!!!