Lauburu Ibarra Mahala taldeak garaipen bikoitza lortu zuen Elorrietako talde bizkaitarraren aurka jokatutako konpromiso bikoitzean. Hala, Arevaloren taldeak bigarren faserako txartela ziurtatu du lehenengo postua mantenduz eta 12 garaipen jarraian lortu ditu. Ondorioz, 36 puntu lortu ditu lehen 12 jardunaldietan. Emaitza ikaragarria.
Larunbatean, 0 eta 5-eko emaitza eta joko bikaina
Larunbatean talde moreak Bilbora bidaiatu zuen denboraldiko hamaikagarren garaipena lortzeko asmoz. Aurrean, 12 metroko zonakako defentsa planteatzen zuen aurkaria, kontraerasora azkar ateratzeko asmoarekin eta joko zuzen eta gutxi landu batekin piparreroei bizkarra emanez. Bestalde, ibartarrak, bi eszenatoki posibleren gainean lan eginda, oso indartsu atera ziren norgehiagokara eta partidako 5. minutuan Ekain Goikoetxeak 0 eta 1-ekoa jarri zuen markagailuan. 40 segundo geroago, Martin Ibarbiak aldea handitu zuen (0-2). Gauzak horrela, partida bukatzeko 10 minutu falta zirenean, Jokin Agirretxek erasoan ondo jokatu eta 0 eta 3-koa jarri zuen, lehen zatia amaitutzat emanez.
Aldageletatik itzuli ondoren, etxeko taldeak partidaren planteamendua aldatu eta 30 metroko defentsa egitea erabaki zuen. Hala ere, neurketa ez zen aldatu bisitarientzat, defentsa konplexuaren aurrean irakurketa ona erakutsi baitzuten. Horri esker eta 10 minuturen faltan, ekintza kolektibo bikain batek eta Oier Cuerdoren asistentzia onak, Jokin Agirretxeren laguntza izan zuen 0-4koa jartzeko. Hortik aurrera, Lauburuk indartsu jarraitu zuen eta, 3 minuturen faltan, Ekain Goikoetxeak behin-betiko 0 eta 5-ekoa ipini zuen.
Igandean, beste liskar bat eta bi filosofia nabarmen
Igande goizean bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten berriro. Kasu honetan, talde bisitariak defentsa altua aukeratu zuen, moreei akatsak eragiteko asmoz. Hala ere, partidako 2. minutuan, Eñaut Gilek 1 eta 0-ekoa igo zuen markagailuan. 4 minutu geroago, Martin Ibarbiak bigarrena jarri zuen etxekoentzat (2-0). Ondoren, partida bizia izan zen alde bietatik: bakoitzak joko filosofia oso markatua mantendu zuen, min egiteko aukeraren zain. Dena den, bi taldeak saiatu ziren arren, emaitza ez zen mugitu eta atsedenaldira iritsi ginen.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Aitor Arevaloren mutilek zenbait akzio izan zituzten aldea handitzeko, baina aurkaria ondo aritu zen. Hala ere, amaierarako 11 minutu falta zirela, Martin Ibarbiak 3 eta 0-ekoa jarri zuen markagailuan. Ondoren, 6 minuturen faltan, aurkariek aldea murriztu zuten geldikako jokaldi baten ostean (3-1). Jokoaren azken minutuetan, atezain jokalariarekin saiatu zen talde bisitaria, baina emaitza ez zen berriro mugitu, denboraldiko hamabigarren garaipena Ibarran utziz.
Partida amaieran honakoa adierazten zuen Arevalok: “Larunbatean oso maila altuko partida bat egin genuen. Baloiarekin eta joko posizionalean ikaragarri ondo aritu ginen. Igandean, baloiarekin hain zehatz egon gabe, partida aurrera ateratzeko aukera nahikoak sortu genituen. Aurkari beraren eta hain sistema konplexuaren aurrean bi konpromiso jarraian irabazteak meritu handia du eta talde honena sinestezina da. 12 garaipen jarraian eta horietatik 4 konpromiso bikoitzean. Gehiago nahi dugu, eta entrenatzen jarraitzea eta Otxartaberen aurka jokatzeko prestatzea besterik ez zaigu falta. Oso partida lehiatuak izango dira”.
GOAZEN LAUBURU!!!!