Gure taldeak martxoaren amaieran hasi zen 2.fase honetako 3.jardunaldia jokatu zuen atzo San Juanen aurka. Bi taldeek ondo finkatutako helburuekin, itxaropenak altuak ziren eta inork ez zuen huts egin borrokatzerako orduan.

Antxon, Juaristi, Iñigo, Andoni eta Peña izan ziren gure hasierako bostekoa. Lehen hurbilketak San Juanek egin zituen, jaurtiketa oso arriskutsuak burutuz. Dena den, horiek kanpora ateratzea lortzen zuen Peñak eta, horrek, ibartarrentzat hasiera gogorra izan zitekeena saihesten zuen. Era berean, Juaristik eta Iñigok amaiera ona ematen zien gure jokaldiei, pistako jokalari guztien arteko koordinazio ona islatuz. Baina baloiak ez zuen sartu nahi. Hala, horietako batean, Andonik arratsaldeko lehenengoa igotzea lortzen zuen, Iñigok kornerretik oso gertu sakatu ondoren (1-0). Funtsezko gola ibartarrarena, baloia eskuineko hankarekin jaurtiz, jokalaria hobekien ezagutzen dutenen harridurarako. Horrela, hasieran nagusi izan zen berdintasuna zela eta, markagailuaren estreinaldia inork espero ez zuenean iristen zen, hasieratik 2 minutu bakarrik igaro zirela.

Ondoren, aurkariak presio handia egiten jarraitu zuen eta, lehen 5 minutuak pasata, 3. falta pilatu genuen. Gainera, defentsa pista erdira jaistea erabaki zuen Jotak, ziur aski partidaren intentsitate handiaz jabetuta. Izan ere, Iruñekoek asko exijitzen jarraitzen zuten. Horri esker, lapurreta garrantzitsu bat egin zuten eta berdinketa lortzeko zorian egon ziren arren, ez zuten punterian asmatu. Zumetak ere, despeje txar bat aprobetxatuz, aukera bikaina izan zuen. 

Nahi eta ezin horretan, nafarren berdinketa iritsi zen (1-1), Peñaren area barrutik eta atsedenaldirako 4:57-ren faltan. Aurrerago, Iñigok oso indartsu jaurtitzen zuen baloia, baina atezainaren eskuetan erortzen zen. Hala eta guztiz ere, Ultzamakoa gogotsu ikusi genuen eta hala erakutsi zuen berehala, lehen zatiaren amaierarako 2:37 falta zirenean taldea aurretik jartzeko balio zuen gola sartu baitzuen (2-1).

2 eta 1-ekoarekin, Iker Torok hutsartea eskatu zuen bere arma guztiak atera eta partidaren erdialdera berdinketarekin iristeko. Atzo ez zegoen zalantzarik: bi taldeak ez zeuden ezer barkatzeko prest. Horregatik, atsedenaldiaren aurreko azken segundora arte, edozer gauza gerta zitekeen; besteak beste, gure bosgarren falta igotzea. Eta horrela izan zen. 23 segundo falta zirenean iritsi zen zorigaiztoko falta hura. Horri esker, kanpoko taldeak penalti bikoitza izan zitekeena esku artean eduki zuen, jokalari bat lurrera erori baitzen. Hala ere, epailearen ustez ez zen ezer gertatu eta, besterik gabe, atsedenaldira iritsi ginen Belabietan.

Aldageletatik bueltan, Juaristi, Andoni, Dani, Antxon eta Jorgerekin irteten ginen. Espero zen bezala, berdintasunak ezarri zuen partidaren erritmoa bigarren zatiko lehen minutuetan ere. Eta, lehen 5 minutu eta erdiak pasata, kolpe gogorra iristen zen Jotak zuzentzen zituenentzat: Iñigok bigarren txartel horia ikusten zuen talde osoaren harridura eta nahasmenaren aurrean. Falta eztabaidagarri baten ondorioz, Iñigok aurkari batekin hitz egin zuen, adiskidetasunez, bien arteko harremana zela eta. Baina epaileak gure jokalariaren hitzak besterik ez zituen entzun eta txartel horia atera zion gaizki ulertu baten ondorioz. Jokalariaren bigarrena zela ikusteak epailea bera ezustean harrapatu zuen arren, Iñigo kanporatu behar izan zuen. Horrek guztiak min handia egiten zien gureei, oraindik minutu luzeak geratzen baitziren aurretik eta aulkian bi aldaketekin bakarrik geratzen baitziren. Halaber, San Juanen aldeko nagusitasun egoera honek bigarren zati osoa baldintzatu zuen, segundo gutxi batzuk bakarrik behar izan baitzituen talde berdeak partida berdintzeko (2-2) eta soilik beste minutu bat markagailuan aurrea hartzeko (2-3). Horren ondoren, tentsioa nabaria zen. Nafarrek eta ibartarrek bazekiten funtsezko 3 puntu zituztela jokoan eta ez talde batek ez besteak ez zituzten ihes egiten utzi nahi.

Zailtasunak zailtasun, gure jokalariek egoerari aurre egiten jakin izan zuten. Are gehiago, amaierarako 8 minuturen faltan, Antxon, bigarren zutoinean ipinita, etxekoen hirugarrena (3-3) igotzen zuen Daniren pasea jaso ondoren. Gure kapitainaren funtsezko lana, markagailuan berriro emaitza justuago bat ipiniz. 

Aurrerago, gutxi aldatu zen joko maila, baina Otxartabe eta Tafatransen arteko norgehiagoka amaituta eta bilbotarren garaipenaz jakitun, irabaztea oso garrantzitsua bihurtu zen Arreguiren taldearentzat. Hori dela eta, gasteiztarrak hutsartea eskatu zuen amaierarako minutu bakarra falta zenean eta 5-eko jokoa aukeratu zuen. Horrekin, gutxi falta izan zitzaien helburua lortzeko, bi aukera garbi egon baitziren etxekoentzat, baina 3 eta 3-ko emaitzak ez zuen gehiago mugitu nahi izan.

Puntu bat gehiago etxean eta gure taldearen beste lekzio bat: amore ematea ez dago beren asmoetan. Partidaren amaieran Jotak honakoa adierazi zuen: “Partida oso parekatua izan da, gure kasuan, handicap-ez betea. Lehen zatian ondo aritu gara, batez ere, estrategian eta trantsizioan. Bigarren zatian, Iñigoren kanporaketak putzu sakon batera eraman gaitu baina, ondoren, taldeak arraunean jarraitu du. Pozik noa azken minutuetan nagusi izan garelako eta bukaerara arte saiatu garelako”.

GOAZEN LAUBURU!!!!