Gure taldea Iruñera joan zen atzo AD San Juan FS-ren aurka jokatzeko Ligako azkenaurreko jardunaldiko partidan. Helburua argia zen: 3 puntu lortzea, igoerako Play Off horri dagokionez azken jardunaldira ahalik eta aukera zabalenekin iristeko. Hori lortzeko ilusioa oso berezia eta garrantzitsua zen, ez bakarrik talde morearentzat, baita denboraldi hasieratik lagun izan ditugun zaleentzat ere.

Partida Jorge, Boli, Dani, Antxon eta Iñigorekin hasi zen. Lehen minutuak oso luzeak izan ziren. Egin ohi duen presio altua burutzen hasi zen San Juan, gureei lehen lerro hori haustea zailduz. Hala ere, Bolik bigarren zutoinetik estreinatu ahal izan zuen markagailua. Lehen aukera garbia ibartarren eskutik iristen zen, eta horrek ikusleak altxatzen zituen. Bazirudien, kostata izan arren, aukerak bata bestearen atzetik iritsiko zirela. 

Hala ere, minutuak aurrera zihoazen eta ez talde bat ez bestea ez ziren azken metroetara iristen arrisku nahikoa sortzeko. Sendotasuna falta zen eta, horren isla, lehen zatiko erdialdera iritsita, markagailuak 0-ko berdinketarekin jarraitzen zuen. Horrela, partidako 14. minutura arte itxaron behar izan genuen arratsaldeko lehen gola iristeko. Raidek, eraso azkar bat burutuz, etxeko atezaina gainditu eta baloia ate hutsean sartzea lortzen zuen (1-0). 

Aurretik jartzea garrantzitsua zen, oso garrantzitsua. Hala ere, ospatzeko ia denborarik gabe, San Juanek, segundo gutxira, beste gol batekin erantzuten zuen estrategia jokaldi batekin (1-1). Modu horretara berdintzeak min handia egin zion talde moreari, aurretik asko landu zuen jokaldia baitzen. Hala ere, ezustean harrapatu zituen gure jokalariak eta, azken minutuetan aldaketarik nabaritu gabe, atsedenaldira 1-1ekoarekin iritsi ginen.

Aldageletatik bueltan, bi taldeak motibazio nibel handiago batekin atera ziren pistara, baina, bigarren zatiko 2. minutuan, Iker Tororen mutilek aurrea hartu zuten, geldikako jokaldi on baten ostean (2-1). 2 minutu geroago, aldea handitzea lortu zuten area hertzetik, epaileak beren aldeko falta bat iragarrita (3-1). Hortik aurrera, partida aukeraz beteta egon zen ibartarrentzat. Berdintasun handia zegoen eta ez geunden prest markagailuan parekotasun hori ez erakusteko.

Andonik sendo jaurti eta atezainak baloia aldendu, Iñigok zutoina jo, Zumetak ate hutsa aprobetxatu eta atzelari bat iritsi pilota ateratzeko… Esan bezala, aukera bat bestearen atzetik. Are gehiago, amaierarako 4 minuturen faltan, 5-eko jokoa aukeratu zuen Jotak. Horrek aukera gehiago sortzea eragiten zuen. Eta, azkenean, Antxonen gola iritsi zen. Eraso posizionalean baloia bikain mugitu eta bigarren zutoinean jasotzen zuen nafarrak amaierarako 2:54-ren faltan (3-2). Ondoren, une hartako urduritasunarekin eta guztiarekin irteteko asmoz, gure entrenatzaileak hutsartea eskatzen zuen. Baloia berriz ere jokoan jarri eta minutu bat besterik ez zen falta Antxon berdintzeko zorian egon zenean. Saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Argi dagoena beintzat hurrengoa da: borrokatu, amaierara arte borrokatu zen.

Partidaren amaieran, Jotak honakoa adierazi zuen: “Lehen zatian, deskonektatuta egon garela uste dut. Partidaren amaieran lotu gara eta dena eman dugu, naturaltasunez jokatuz. Lehen zatian erasoan ez dut taldea ondo ikusi. Defentsan, ez gara gaizki aritu, baina sendotasuna falta izan zaigu. Atezain jokalariarekin, aukera asko izan ditugu eta berdinketa lortzeko aukera asko izan ditugu. Orain, batez ere, mentalki errekuperatu behar dugu. Tafallaren aurkako partidan pentsatzen ari gara eta denboraldia etxean galdu gabe bukatu nahi dugu”.

Porrota gogorra izan da, baina azken jardunaldian buelta eman nahi diogu, Belabietan garaipena lortuta. Gainera, batzea lortu ez arren, gure taldeak bigarren postua lortzeko aukerekin jarraitzen du. Horretarako, Otxartabek San Juani irabazi beharko dio datorren astean jokatuko duen partidan. Ondoren, Tafallak Otxartabe gainditu beharko du. Beraz, orain neurketa horien emaitzen zain egon beharko dugu Play Off-a jokatzeko aukera erabat baztertzeko. Itxaropena txikia izan arren, badago, eta hori da kontua.

Eskerrak eman atzo San Juanera gureak animatzera bertaratu ziren zaletu guztiei. Elkarrekin ospatuko dugu hain zaila eta korapilatsua izan den denboraldi honetan eman dugun pauso bakoitza.

GOAZEN LAUBURU!!!!