Lauburu Ibarra Mahala taldeak 7 eta 2-ko emaitza batekin irabazi zion Gijón Playas talde asturiarrari eta 21 garaipen eta porrot bakarrarekin amaitu du denboraldia. Moreak, lehen zati bikain batean, Ligako bigarren sailkatuaren gainetik pasa ziren. Garaipen honen ostean, ekainaren 5ean Belabietan jokatuko duten Espainiako txapelketaren atariko fasea prestatzen hasiko dira. Bertan, Espainiako beste multzoetako 2. sailkatuetako baten aurka arituko dira.

Zozketa maiatzaren 19an egingo da, 12:30etatik aurrera, Rozasen (Madril), Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan. Besteak beste, Bartzelona (Katalunia), Emotion Zaragoza edo Pirineos Sagrado Corazón (Aragoi), Las Rozas (Madril), Valentzia Maristas (Valentzia), CD Ejido Futsal (Andaluzia), O ‘Parrulo Ferrol (Galizia) eta Kanariar Uharteetako talde bat izan ditzazkete aurkari. Aragoiko eta Kanarietako sailkatua ezagutzeko daude, Liga ez baita oraindik amaitu haientzat.

Ederki sufritu behar izan dute ibartarrek denboraldiko entrenamendu eta partida guztietan honaino iristeko. Igandean, Gijón Playas zuten aurrean, bigarren sailkatua eta denboraldi bikaina  egin duen taldea. Neurketa ikusgarria aurreikusten zen denboraldia amaitzeko eta, aldi berean, test ona bi aldeentzat.

Partida hasi baino lehen, talde asturiarrak ohorezko pasilloa egin zien moreei, Lauburuko kadete taldearekin batera. Jokalariek eta teknikariek ere opari bat jaso zuten Mahala babeslearen eskutik, egindako denboraldi bikainagatik zorionduz. Behin ospaketak amaituta, baloia jokoan jarri eta, etxekoek, burutu ohi duten jokoa erakutsi zuten: entxufatuta atera eta gogor estutu zuten lehen minutuetatik. Hasiera oso ona izan zen eta, partidako 4. minutuan, Ekain Goikoetxeak 1 eta 0-ekoa jarri zuen markagailuan, geldikako jokaldi baten ondoren. Etxekoak erraz mugitzen ziren baloiarekin eta, bi minutu geroago, jokalari bisitari batek baloia bere ate propioan sartu zuen, hura desbideratzeko saiakera batean.

Markagailuan aldea erakutsi arren, Arevalok zuzendutekoek ez zuten amore eman nahi eta baloi bakoitza gogor estutuz, erasoan sormenezko ekintzak egiten zituzten. Horrela, partidako 9. minutuan, eraso posizional batean, 3 eta 0-ekoa ipini zuen Unax Iglesiasek. Soilik minutu bat beranduago, Aimar Zubillagak, banakako ekintza batean, hiru aurkari atzean utzi eta asistentzia ederra egin zion Unax Iglesiesi 4 eta 0-koa igotzeko. Ondoren, lehen zatia bukatzeko 3 minuturen faltan, Ekain Goikoetxeak 5 eta 0-ekoa jarri zuen kontraerasoko ekintza batetik. Emaitza honekin amaitu zen lehen erdia.

Aldageletatik bueltan eta jasotako kolpe mingarriaren ondoren, hozka egitera atera ziren bisitariak. Piparreroek ere ez zuten kontzesiorik nahi, baina partida irekitzen hasi zen eta, horrelakoetan, oso arriskutsuak dira asturiarrak. Hortaz, 4. minutuan, Marco Morenok Gijonekoen lehen gola sartzen zuen (5-1), etxekoen joko akats baten ondorioz. Dena den, erreakzionatzeko ia denbora gabe, Oier Goikoetxeak 6.na lortu zuen etxekoentzat. Minutu batzuk geroago, berriz ere Marco Morenok, kontraerasoan, aldea murriztu zuen (6-2). Hala ere, Oier Goikoetxeak behin betiko 7 eta 2-koa jarri zuen arrakasta handiz.

Partida amaieran Aitorrek honakoa adierazi zuen: “Lehen zati oso ona jokatu dugu. Defentsa mailan, egoera pare bat saihestu ditugu eta oso ondo aritu gara. Erasoan, aurkariaren defentsa gaindituz, gozatu egin dugu. Bigarren zatiaren hasiera irekiagoa izan da eta haiek metroak izan dituzte korrika egiteko eta hor arriskutsuak dira; baina ondo erreakzionatu dugu eta egia esan partida oso ona izan da. Txapeldun izan arren taldea modu horretara lehiatzen ikusteak, asko esaten du guri buruz, eta oso pozik noa”. 

GOAZEN LAUBURU!!!!