Gure taldeak bihar jokatuko du 2020-2021 denboraldiko azken partida. Urtea oso zaila izan da, aldaketaz betea, baina, hala ere, inoiz ez da falta izan ez ilusiorik ez gogorik gure jokalarien jarreran. Horrekin, zer hobe gogorra eta aldi berean polita izan den bidai hau egungo txapelduna den Tafatrans Vulcanizados Ruiz-en aurka etxean lehiatuz ixtea baino.
Tafallakoek oso denboraldi ona egin dute eta, Otxartaberekin batera, gure taldeko ordezkariak izango dira Bigarren Mailara igotzeko Play Off txapelketan. Euren ahalmen handiaz jabetuta, Jota Arreguik zuzentzen duen taldeak garaipena lortzea besterik ez du buruan, Zumetak asteroko saio batean zioen bezala, “ahalik eta aho zaporerik onenarekin bukatzeko”. Gainera, irabaztea beharrezkoa izango da Ligako hirugarren postua lortzeko. Garaipena lortuz gero, San Juanek Zierbenaren aurka galdu beharko du. Kasu horretan bakarrik lor genezake hirugarren postu hori. Ildo horretatik, Jotak adierazi duenez, egoera zaila da txapeldunari aurre egin behar diogulako. Dena den, oso argi dute “etxeko inbatibilitatea mantendu” nahi dutela.
Horrela, ibartarrek ahalik eta gehien estutu nahi dute, beren ahalmena erakutsiz eta guztiek batera osatzen duten egitura onari etekina ateraz. Hala ere, zenbait baja izango ditugu eta horrek zailtasun gehigarria suposa dezake. Batetik, Alvarok lesionatuta jarraitzen du. Bestalde, Andoni Agirrezabala eta Raid zenbait molestiekin sentitzen dira eta ez dakigu nola helduko diren norgehiagokara. Azkenik, Danik ezin izango du jokatu San Juanen ezarritako zigorragatik. Horrela, Ohorezko Jubenil Mailako Beñat eta Iker deitu ditu gure entrenatzaileak; izan ere, joan den astean amaitu zuten Liga eta, beraz, haien taldeak atsedena izango du ekainaren 5ean Kopa jokatu aurretik.
Asteazkenean, azken jardunaldira Play Off-era sailkatzeko aukerekin iristeko itxaropena desagertu zen, baina, esan bezala, talde moreak Belabietan galdu gabe bukatu nahi du eta horren bila joango dira. Bihar, etorkizunari begira esango diogu agur 2020-2021-ari. Oso gauza bereziak ditugu zain eta kirol honekin eta honetaz gozatzen jarraitu nahi dugu, Lauburuko espiritu paregabe hori bizirik mantenduz.
Gogoratu, 18:00etatik aurrera, partida jarraitzeko aukera izango duzuela, bai Youtubeko gure kanal ofizialean (Lauburu K.E Komunikazioa), bai Twitterreko gure kontuan (@LAUBURUKEIBARRA). Hasieratik gurekin izan zarete duelu guztietan. Horregatik, azken erronka honetan ere zuen berotasuna sentitzea espero dugu.
GOAZEN LAUBURU!!!!